Zure herrian euskarazko ikus-entzunezkoen saio bat antolatu nahi duzu? Hauxe duzu aukera: heldu da XVII. Laburbira ziklo ibiltaria!

Euskaltzaleen Topaguneak urteak daramatza euskarazko ikus-entzunezko sortzaileei bultzada emateko egitasmoak antolatzen. Besteak beste, ikus-entzunezko proiektuak garatzeko Benito Ansola beka, urteko euskal ekoizpenak biltzen dituen Durangoko Azokako Irudienea gunea eta Kameratoia film laburren rallya egiten dituzte, baita Laburbira ere, euskarazko film laburren zirkuitu ibiltaria.

Bada, helburu birekin jarduten dute Laburbira zirkuituaren antolakuntzan: euskarazko sortzaileen lana ezagutaraztea eta euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera zabaltzea. 2020ko martxoaren 9tik apirilaren 8ra ospatuko dute, eta horretarako 2019an zabaldutako deialdian jasotako 27 proposamenak aztertu, eta bederatzi film labur aukeratu dituzte.

Irizpideak anitzak izan dira aukeraketa egiteko orduan: izan lurraldetasuna, ikus-entzunezkoaren disziplina, genero parekidetasuna, gaia, formatua… Horiekin osaturiko zirkuitua, aldiz, “zirraragarria, emozioz betea eta nola ez, euskarazko zinemagintzaren isla ezin-hobea” izango dela iragarri dute. duzue.

Zuen herrian Laburbira ziklo ibiltariaren emanaldi bat programatu nahi izan ezkero, urtarrilaren 31rarte izango duzue aukera. Egitasmoaren webgunearen bidez galdetegi bat osatuz egin ahalko duzue, HEMEN.