Nazioarteko dokumentalen bilgune bilakatu da Miarritze azken bost egunetan. Justizia soziala aldarrikatzen zuten dokumentalek ezarri dute aurtengo FIPADOC jaialdiaren ildo nagusia, eta nabarmentzekoa izan da ere euskal ekoizleen presentzia altua. The Human Factor lanak eskuratu du Nazioarteko Sari Nagusia.

Iragan asteartean abiatu zuten FIPADOC zinema dokumentalaren nazioarteko jaialdia Miarritzen, eta hilaren 26ra bitartean ehundik gora lan ikusteko aukera eskeni die bertatik igaro diren zale zein profesionalei. Bost guneetan (Gare du Midi gelan, Kasinoan, Koliseoan, Royal zinema gelan eta Auditoriumean) film labur zein luzeak proiektatu dituzte, denak ere aurretik Frantzian estreinatu gabeak. Justizia soziala oinarri, herrialde ezberdinetako egoera izango dute aztergai.

Horien artean, Pays Basque et liberté, un long chemin vers la paix dokumentala nabarmentzea dagokigu. Espainiako Gerra Zibila hasi zen urtetik 2018ko maiatzaren 3an ETA desegin zen arteko urteak jaso ditu lanak, eta Nazioarteko lanei eskainitako atalean aurkeztu dute. Lehen mailako eragile, lekuko, biktima eta analistei eman die hitza, eta helburua orainaldi historiko hori partekatzea izan dute sortzaileek. Bordelen sortutako Thomas Lacoste zinegileak zuzendu du, eta Prima Luce-k, Sister Productions-ek, Gastibeltza Filmak-ek, Irusoin-ek eta La Bande Passante ekoiztetxeek garatu dute elkarlanean. Nazioarteko telebistei zuzendutako 52 minutuko filma da, eta France TV eta Public Sénat kateek hedatuko dute oraingoz.

Hitzordu bereziak

Ikus-entzunezko lehiaketa eta proiekzioez harago, aipatzekoa da jaialdiak profesionalen bilkura eta elkarlanerako eraiki duen gunea. Izan ere, filmen exibiziora eskainitako interesak behera egin duen bitartean, nazioarteko ekoizle eta bestelako profesionalentzako ezinbesteko hitzordua da Miarritzekoa. Horien artean, inoizko parte hartzerik altuena sinatu dute euskal ekoizleek.

Garrantziaz jabeturik, akaso, espazio propioa eskaini diete 2020ko edizioan. Akitania Berriko eta Euskal Herriko ekoizleen arteko saretze mahai-ingurua ospatu zuten urtarrilaren 23an. Zineuskadiko Aitziber Atorrasagasti, Euroregioneko Arola Urdangarin, Alca taldeko Noémi Benayoun, Nafarroako Gobernuko Ana Herrera eta MediaEH-ko Ainhoa Gonzalez izan ziren gonbidatu eta hizlariak, erakundeen elkarlan eta babesetik, proiektuen finantzazio aukera desberdinak izan zituzten aztergai.

Izan ere, Biarritzen inguruko eskualdeek paisaia dokumental dinamikoa eta finantzazio-aukera garrantzitsuak dituzte autore eta ekoizleentzat. Horiek baliatuta, nola lan egiten duten eta nola laguntzen duten azaldu zuten bost erakundek.

Nazioarteko sariak

Arlo lehiakorrera itzuliz, jaialdiko antolatzaileek hainbat sailetan banatu dituzte parte hartzeko aukeratu dituzten filmak:  nazioarteko saila, Frantziar estatukoa, dokumental laburrena, musikalena, inpaktu saila, sortzaile berriei zuzendutakoa… Hala, 100 lanetik gora izan dira ikusgai guztira.

Irabazleak Miarritzen aurkeztu zituzten urtarrilaren 25ean, larunbata, jaialdiaren bigarren edizioaren amaiera-ekitaldian. Maryam Ebrahimi, Mary Stephen, Martijn Te Pas profesionalek osatutako epaimahaiak Dror Moreh zuzendariak aurkeztutako The Human Factor (2019) izendatu zuen garaile, Israel-Palestina gatazkari buruzko azken 25 urteetako ahalegin diplomatikoak jasotzen dituen lan dokumentala.

Ikus hemen gainerako saridunen zerrenda.