Norbaiti eskua ematea sentsazioz betetako ekintza bat dela uste dutelako, eskuen artean eta elkar ukitzean sortzen diren sentsazioetan oinarritutako irudi eta soinu bilduma sortu nahi dute Mel Arranz zuzendariak, Koko Ávila artistak eta Kalakalab ikus-entzunezko laborategiak. Crowdfunding kanpaina baten bidez lortu dute finantzazioa.

Animazio honek eskuak hartu eta laztantzeari buruzko eguneroko gaiari helduko dio. Norbaiti eskua ematean, bero, hotz, heze edo lehor egon daitekeela nabaritzen dugu bat-batean. Horrez gain, esku batek indartsu, beldurti, urduri, lotsati, haserre edo pozik utz gaitzake. Hala, norbaiti eskua ematea sentsazioz betetako ekintza bat dela uste dute sustatzaileek, hitzen bidez azaldu ezin dena. Horregatik, eskuen artean eta elkar ukitzean sortzen diren sentsazioetan oinarritutako irudi eta soinu bilduma egitea bilakatu dute helburu.

Hiru profesionalek osatzen dute lantaldea. Mel Arranz pelikularen zuzendaria, gidoilaria eta animatzailea d: Koko Ávila artistak soinu-diseinua egingo du, eta ekoizlea Kalakalab laborategiko Ricardo Del Conde izango da. Azaldu dute animazioa bera eskuz sortzen ari direla, lantzen den gaiaren eta erabiltzen den teknikaren arteko erlazioa agerian utziz. Xehetasun hori goraipatzea nahi dugu, eskuz egindako proiektuen garrantzian sinesten dugulako. topo egiten du. Soinu tratamendua, bestalde, zaratetan oinarrituko da gehienbat, lerro esperimental baten ildotik, musika konposizioak saihestuz. Tratamendu bisualak dituen euskarri berberetan oinarrituko da: sinpletasuna, egunerokotasuna eta sentiberatasuna.

Marrazkien euskarria paper begetala da eta irudiak egiteko koloretako arkatzak (txuria, beltza eta tonu beroko grisak) erabiltzen ari dira. Iragarri dute, denera, 1500 marrazki inguru izango direla laburmetraiaren 4 minutuak osatuko dituztenak, eta dirulaguntza eman duten mezenasen artean banatuko dituzte gero.

Laguntza, zertarako

2020ko urtarrilaren 23an finkatu zuten beharrezko dirua (2.000€) biltzeko epe-muga, eta 2.202€ jaso dute orotara. Alde batetik, oraindik egiteke dagoen soinu diseinua ordaintzeko erabiliko dute laguntza horren erdia. Bestalde, posprodukzioan zehar beharko dituzten xehetasunak ordaintzera bideratuko dute beste zati bat;  fotogramen arteko kolore eta argi ezberdintasunak zuzentzeko etalonaje prozesu bat gauzatu behar dute, estudioan soinu probak egin eta soinu nahasketa finala gauzatu… Sobran gelditzen zaiena materialean inbertitutakoa ordaintzeko erabiliko dute.

Aurreikusitako egutegia

Behin marrazki guztiak egin eta soinuaren diseinua osatzen dutenean, postprodukzio lana hasiko dute, irudiak kalitate ona eduki eta soinuarekin bat egin dezan. Lan horiek apirilean egingo dituztela aurreikusi dute, eta animazioa 2020ko maiatzean bukatzea espero dute.