Pedro Almodovarren Dolor y gloria erabat gailendu da bart banatutako Goya sarietan. Aurreikusitakoak urrun eta aintzatespenak epel: bi garaikur ekarri ditu bueltan La trinchera infinita filmeko lantaldeak, emakumezko aktore eta soinurik onenarenak, eta efektu bereziak saritu dizkiote El hoyo lanari. Alberto Iglesias musikari donostiarrak 11. Goya saria irabazi du.
Lehia bizia izango zela jakinda ere, ilusioz erreparatu genion bart Espainiako Zinemaren Akademiako kideen epaiari. 30 hautagaitzatik gora pilatzen zituen euskal industriak izango zuen une gorenik, seguru. Bada, epel jarraitu genuen Silvia Abril eta Andreu Buenafuente komikoek gidatutako ekitaldia: izan ziren zirrara uneak, baina garaipenak gutxi eta zeharkakoak.
Kasurik mingarriena izan zen, akaso, La trinchera infinita (2019) filmarena. Donostia Zinemaldiko gidoi onena eta zuzendari onenarena ez ezik, Irizar, Feroz eta Fipresci sariak jasotzearen bermearekin heldu ziren Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariak Madrilera. Hamabost izendapen poltsikoan, Dolor y gloria faborito nagusiari erreplika emateko prest. Bada, bi izan dira azkenean: emakumezko aktore onenarena, Belen Cuestaren interpretazioari, eta soinu onenarena, Alazne Ameztoik, Iñaki Diezek, Xanti Salvadorrek eta Nacho Royo-Villanovak egindako lanarengatik. Cuestak euskal zuzendariak “bere bizitzako pertsonaia” eskaini zioten zuzendariak izan zituen gogoan bere hitzartzean, eta ekitaldian entzun ahal izan genuen euskara apurra (ederra, Alazne!) eta aldarri egiteko tartea utzi zituen taldearen diskurtsoak.
Galder Gaztelu-Urrutiaren El Hoyo (2019) eta Aritz Morenoren Ventajas de Viajar en tren (2019) lanek hiru eta lau hautagaitza defendatu zituzten, hurrenez hurren. Zuzendari berri onena eduki edo film onena izatetik urrun, efektu berezi onenen garaikurra eskuratu zuen lehenegoak Maria Campoy eta Iñaki Madariagaren eskuetan.
Profesional beteranoenen gisara, Goya berri bat gehitu zion Alberto Iglesiasek bere ibilbide arrakastatsuari, hamaikagarrena. Pedro Almodovarren Dolor y Gloria filmarentzat sortutako doinuak saritu ditu Akademiak, eta, hain zuzen, zinemagile mantxatarrari eskaini zion saria donostiarrak: “Saiatu naiz filmaren bihotzera heltzen, erreala izaten”, azaldu zuen, “Almodovarren zinemak libreago egiten nau”.
Tarteka geldo joan zen ekitaldiak eman zuen beste une hunkigarririk. Gaueko lehen saria jaso zuen Benedicta Sanchezen diskurtsoarena, esaterako: Izan ere, 84 urte eta interpretazioaren munduarekin aurretiko loturarik izan gabe jaso zuen bart aktore berri onenaren garaikurra. Adin batetik aurrera ilusio edo urduritasunik sentitzen ez dela argudiatuta, eskertza-diskurtsorik prestatu ez zuela onartu zuen Sanchezek. Arrakastarako bidea zabaldu dion Oliver Laxe zuzendaria izan zuen gogoan, eta baita alaba zein bilobak ere: “Ez ahaztu, arren, amamarekin”.
Ezagutu gainerako saridunak zein diren, hemen.