Errumaniako Olatu Berria deiturikoari eskainitako ziklo bat izango da Zornotzako KINE Zineklubaren otsaileko programazioaren ardatza. “Estilo soil, errealista eta, sarritan, minimalista” duten hiru filme proiektatuko dituzte, guztiak jatorrizko bertsioan.

Otsailaren 4an, Anca Damian zuzendariaren Crulic – drumul spre dincolo (Crulic – The Path to Beyond) (2011) animazio-filmaren proiekzioak zabalduko du egitaraua. 2007. urtean atxilotutako Claudiu Crulic errumaniarraren historia azalduko du lanak, poliziak harrapatu ostean, Errumaniako kontsulatuaren laguntzarik lortu ez zuenez, gose greba hasi eta azkenean hil egin zen gaztearena. Sentimenduak eta sentsazioak azaleratu eta aztertzeko modu gordina.

Hilaren 11n, aldiz, Cristi Puiu zuzendariaren Sieranevada (2016) lanaren txanda izango da. Aita hil eta berrogei egunera, Lary – 40 urte, medikua – hildakoaren omenezko otordua egitera doan familiarekin bilduko da. Ekitaldia, ordea, ez da aurreikusi bezala garatuko. Bere familiaren barruan hartu duen lekua aztertzera beharturik, Laryk egia esan beharko du.

Azkenik, Touch me not (2018) ikusteko parada izango da otsailaren 18an. Adina Pintilieren debuta suposatu zuen lanak, eta errealitatea eta fikzioaren arteko mugan kokatu zuen kontakizuna. Laura, Tómas eta Christianen bidaia emozionalak ardaztuko du istorioa: sexu harremanak eta maitasuna esperimentatzeko irrikaz daude, baina, aldi berean, beldurrez, beren defentsa-mekanismoak eta tabuak gainditzen saiatuko dira aske izatera iristeko.