Antolatzaileek jakitera eman dute 2020ko Ikuspuntu jaialdiko sail ofiziala osatuko duten filmen zerrenda. Guztira, nazioarteko 23 dokumental arituko dira sari nagusiaren lehian martxoaren 2tik 7ra bitartean: bost film luze eta hamazortzi film labur. Horietatik hiru mundu mailako estreinaldiak izango dira.
Mila lan baino gehiago jaso ditu aurten Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiak, baina argitu da dagoeneko sail ofizialak izango duen itxura. AEB, Belgika, Brasil, Frantzia, Herbehereak, Portugal, Tunisia, Argentina, Egipto, Erresuma Batua, Espainia, Kolonbia, Libano, Siria eta Kurdistango ekoizpenek, hau da, 15 herrialdetako dokumentalek osatuko dute.
Mundu mailako hiru estreinaldi jasoko ditu sail ofizialak, eta beste bi lehen aldiz egongo dira ikusgai jatorrizko herrialdetik kanpo. Gainerako hamabi filmak aurrenekoz proiektatuko dituzte Espainiako estatuan. Sortzaileei dagokienez, Iruñean “zinema garaikideko izen handiak” elkartuko direla baieztatu dute programatzaileek: Lawrence Abu Hamdan, Ben Rivers, Éric Baudelaire, Lynne Sachs, Ana Vaz eta Laura Huertas Millán, besteak beste.
Jaialdiko ordezkariek gaineratu dutenez, filmak ikus-entzunezko hizkuntza garaikideen eta abangoardiakoen aniztasuna izango dute ardatz. Errepikatzen diren gaiak daudela nabarmendu dute: familiaren historia berregiten ari diren zinemagile gazteek abiaraziko duten beren jatorriaren eta nortasunaren ezagutzarako bidaia, feminismoa eta hausnarketa ekologikoak…
Epaimahai ofizialak banatuko dituen sarien berri ere argitu dute. 10.000 euro jasoko ditu jaialdiko film onenak, eta 5000 euro zuzendari onenak. 35 minutu baino gutxiagoko film labur onenak, aldiz, 300 euroko ordainsaria izango du. Ikusleek eta epaimahai gazteak ere izango du zeresana.
2013tik 2016ra bitartean jaialdiko zuzendaria izandako Oscar Alegriaren Zumiriki filmak inauguratu du aurtengo ekitaldia, eta lau emakume zuzendariri buruzko atzera begirakoak ere prestatuko dituzte.
Informazio gehiagorako sakatu hemen.