Datorren larunbatean, urtarrilaren 25ean, ospatuko dira Goya sariak, eta euskal proiektu batzuek izango dute aukera garaipenik eskuratzeko. Orain arteko sari banaketa eta hautagaitzei begiratzea besterik ez dago. Guztira, 30 bat izendapen lortu dituzte euskal proiektuek.
Jon Garaño, Aitor Aguirre eta Jose Mari Goenagak zuzendutako La trinchera infinita (2019) da euskal sorkuntzetatik hautagaitza gehien jaso dituena, guztira hamabost eskuratu baititu. Alejandro Amenábarren Mientras dure la guerra (hamazazpi) eta Pedro Almodóvarren Dolor y gloria (hamasei) filmek bakarrik hobetu dute marka hori.
Moriartiko lagunek hamahiru hautagaitza eskuratu zituzten Handia (2017) filma egin zutenean, eta haietatik hamar irabazi zituzten. Hori kontuan edukita, ez litzake gehiegikeria izango La trinchera infinitarekin ere sari kopuru majoa eskuratzeko aukera dutela esatea. Igaro berri diren Feroz sarietan Belén Cuesta izan zen La trinchera infinitaren hautagai guztietatik irabazle bakarra, bai. Baina Handia filmak ere bi garaipen lortu zituen, beraz, posible da.
Almodóvarren Dolor y gloria (2019) filmean topa dezake lehiakide gogorrena. Izan ere, Feroz sarien garaile izateaz gain, beste hainbat jaialdietan ere nabarmen aritu da. Gogoan izan Cannesko Nazioarteko Zinema jaialdian Antonio Banderas izendatu zutela aktore onena. Bi hautagaitza defendatuko ditu Oscarretan, eta takila datuei erreparatu ezkero, maila nazionalean (zein nazioartean) arrakasta gehien izan duena da.
Honek ez du esan nahi Moriartiren produkzioak Goyarik irabazteko aukerarik ez duenik, baina Almodóvarren teilatuan ipintzen du itxaropen handiena. Hurbiletik jarraitu beharrekoa ere Mientras dure la guerra (2019), hautagaitza kopuru altuena izanik, probabilitatea ere aldeko duelako. Orain arteko sariketek, ordea, ez dute uzta oparorik eskaini. Nolanahi ere, aipatzekoa da proiektu honetan egindako lanak ekarri diela Karra Elejalde eta Ainhoa Santamaria aktore euskaldunei hautagaitza, eta Santamriak, batez ere, aukera handia duela hura eskuratzeko.
Galder Gaztelu-Urrutiaren El Hoyo (2019) eta Aritz Morenoren Ventajas de Viajar en tren (2019) lanek hiru eta lau hautagaitza dituzte. Hautagai handiagoen itzaletan, garaipen xumeagorik espero daiteke haiengandik. Orain gutxikoari begira, El Hoyok porrot egin berri du Feroz sarietan (Sitgesen, ordea, garaile izan zen), eta Ventajas de viajar en tren lanak komedia onenaren garaikurra lortu zuen.
Raul de la Fuente zinemagile iruindarraren El infierno proiektuari, aldiz, dokumental labur onenaren saria jasotzeko aukera handia aitortu nahi nioke. 2014an aurkeztutako Minerita lanarekin, adibidez, Goya Sari hori eskuratu zuen, eta Oscarretarako hautagaia bilakatu zen. Baietz oraingoan ere?
Lehia bizia izango da, baina 30 hautagaitza batzen dituen industriak izango du aintzatespenik. Seguru izan horrekin. Laister ezagutuko dugu palmaresa, datorren larunbatean, baina bitartean, itxaropena.