Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 48 zinema-proiektu babestu zituen 2019. urtean, bere hiru diru-laguntza deialdi irekien bitartez. Azaldu dituzten datuen arabera, guztira, 2.664.000 euro bideratu zituen gidoien idazmena, ikus-entzunezko proiektuen garapena eta ikus-entzunezko ekoizpena babestea xede duten hiru laguntza-lerroetara.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak argitara eman ditu 2019ko dirulaguntza programen bitartez babestutako proiektuen berri eman du, urteko emaitzak bildu dituen dokumentu baten bidez. Azaldu dute zinemaren arloa babestea xede duten hiru laguntza-lerro deitzen dituztela urtero, eta horien bitartez 2.664.000 euro banatu dituztela.

‘Kultur sormena’ bultzatzeko diru-laguntza deialdia izan ohi da goiztiarrena. Zazpi modalitateen bitartez, kultur-sektore ezberdinak babesten ditu, eta horietako batek zinema-gidoien idazmena du xede. Iaz, 104.000 euroko aurrekontua izan zuen eta 8 zinema-proiektu babestu zituen, horietako bakoitzari 13.000 euroko laguntza emanez. Cacereño (Francisco Javier Barco); Auzia (Ximun Fuchs); Garrasi Mutuak (Ainara Mentxaka); edo Mirari (Maider Fernandez) izan ziren deialdi honen bitartez babestuko proiektuetako batzuk.

Bestetik, Eusko Jaurlaritzak 300.000 euro bideratu zituen ‘Ikus-entzunezko proiektuen garapenaren aldeko diru-laguntzak’ izeneko deialdira. Deialdi horren bitartez 16 proiektu babestu ziren eta 11.784 eta 22.380 euro bitarteko diru-laguntzak jaso zituzten. Honako hauek izan ziren tarteko: 3.000 obstáculos (Irusoin); Robot Dreams (Aixerrota Films); El asesinato de Anna Thorwald (Moriarti Produkzioak); edo Cenicienta Enmascarada (Myriam Ballesteros Producciones).

Halaber, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ‘Ikus-entzunezkoen produkzioaren aldeko diru-laguntzak’ izeneko diru-laguntza deialdia deitzen du urtero, ekonomikoki bultzada handiena ematen duena. Laguntza-lerro honek lau modalitate biltzen ditu eta 2.260.000 euroko aurrekontua izan zuen iaz. Lehen modalitateak ‘Fikziozko film luzeak’  eta iaz, guztira, 1.606.824 euro banatu ziren ikus-entzunezko bost proiektu babestuz. Todas las lunas/Ilargi guztiak (Ilargi Films); Irati (Ikusgarria Films); eta Nora (Gariza Produkzioak) izan ziren onuradunak

Bigarren modalitatea ‘Aurrekontu txikiko fikziozko film luzeak’ delakoa da, eta 209.976 eurokoa aurrekontua izan zuen. Bi proiektu lagundu dira haren bidez: Retrato de mujer blanca con pelo cano y arrugas eta Deviant (biak Amania Films-enak dira). Hirugarrenik, 282.200 euro bideratu ziren ‘Sortze-dokumentalak’ izeneko modalitatera, eta 24.000 eta 60.000 euro bitarteko 6 diru-laguntza eman ziren. Besteak beste, Arzak since 1897; (Bainet Teknika); El viaje más largo (Dibulitoon); eta Itoiz (Doxa Producciones) proiektuek jaso dute babesa.

Azkenik, film laburren modalitateetan 5.835 eta 20.000 euro bitarteko 11 diru-laguntza banatu ziren (modalitate honek 160.000 euroko aurrekontua du). Puzzleak (Komiki Films); Heltzear (Irusoin) eta Polvo Somos (Sirimiri Films) izan ziren diruz lagundutako proiektuetako batzuk.

Zinema babesteko bestelako ildoak

Oharrean zabaldu dutenaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ikus-entzunezkoa sustatzeko laguntzak % 35 igo zituen legegintzaldi berriaren hasiera, “proiektuen garapen-prozesua sendotu eta talentu berrien agerpena babesteko”. Gogorarazi dute, gainera, laguntza-lerro ofizialez gain zinemagintza babesteko beste bide batzuk ere badituztela: Zineuskadi (Europa Sortzailea, Zinema Euskaraz, Basque Audiovisual…), Euskadiko Filmategia, edo sektoreko elkarteei ematen zaizkien diru-laguntza izendunak (IBAIA, EPE/APV, Eiken eta Euskal Gidoigileak elkarteentzat izan ziren iaz) edo Donostiako Zinemaldia, Zinebi eta Mendifilm bezalako zinema-jaialdiek jasotzen duten babesa, esaterako. Amaitzeko, azpimarratu dute, EiTBek euskal zinemagintzari ematen dion laguntza ere funtsezkoa da Euskadin ekoizten diren zinema-proiektu nagusienak aurrera atera ahal izateko.