Leire Apellaniz ekoizle bilbotarra  Rotterdam Laben parte hartzeko aukeratu dute, berak ekoiztutako Chema García Ibarraren Espíritu Sagrado (2019) proiektuarekin batera.

IFFR jaialdiaren baitan antolatzen den programa da Rotterdam Lab. Urtarrilaren 25ean (larunbata) hasiko da eta urtarrilaren 29ra (asteazkena) bitartean egingo dute. Apellaniz beste 68 ekoizlerekin batera izango da bertan, eta lantegietan, hitzaldietan eta networking saioetan parte hartuko du.

García Ibarraren lehen film luzea den Espíritu Sagrado proiektuaren ekoizle gisa bertaratuko da Apellaniz Rotterdamera. Filmean, herrikideak desagertutako neskatxa baten bila dabiltzan bitartean, OHE-ak bilatzeko gau bat antolatuko dute “Ovni-Levante” ufologia-zale elkarteko kideek. Baina, José Manuelek sekretu bat izango du gordean: gizakiaren patua bere eskuetan egongo da.

Berria jaso bezain laster, Rotterdam Lab goraipatu du Apellanizek: “Seguruenik programazio egonezinena duen jaialdi europarra da”. Alessia Acone Rotterdam Labeko koordinatzaileak, berriz, “Leire koprodukzio internazionaletan lan egiten duen esperientzia handiko profesionala” dela esan du, eta “ekoizle gisa duen garapen profesionala Rotterdam Labeko parte-hartzearentzat mesedegarria” izan daitekeela aipatu du.

Apellanizek Donostiako Zinemaldian hamar urtez departamentu teknikoan lan egiteaz gain, Sr. & Sra ekoiztetxea gidatzen du. El último verano dokumentala zuzendu, idatzi eta ekoiztu zuen 2016an, eta aurten, Aritz Morenok zuzendutako Ventajas de viajar en tren (2019) filma ekoiztu du (Feroz sarietan komedia onenaren sariaren irabazlea).