Pepa San Martín zuzendari txiletarrak jasoko du aurten  Zinegoak jaialdiko Ohorezko Saria. Zinegilearen zinema aitzindari eta konprometitua aldarrikatzeko asmoz, San Martínen lana gogorarazi nahi dute jaialdiko ordezkariek. Emakumeei dagokien espazioaren eta ikusgarritasunaren alde borrokatu du zuzendariak urte luzez. Otsailaren 24an, Bilboko Arriaga Antzokian egingo duten inaugurazio galan jasoko du San Martinek saria.

Pixkanaka-pixkanaka argitzen doaz Bilboko Gaylebostrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiaren xehetasunak. Urtarrila hasieran 17. edizioko kartela eman zuen Zinegoak Elkarteak ezagutzera, eta gaur Orohezko Saria nork jasoko duen baieztatu dute.

Paul Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendariak San Martinek zinema eta kultura mundua eraldatzeko arma gisa ulertzen dituela adierazi du, eta Txilen zein zinemaren industrian izan duen garrantzia aldarrikatzeko asmoz erabaki dute antolatzaileek saria berari ematea, izan ere, emakumen espazioaren eta ikusgarritasunaren alde borrokatu du zuzendariak urte luzez: “Pepa San Martinen filmografiak eskema zaharrak irauli nahi ditu, elkarrizketak irekitzen dituen bitartean”. Hala, zuzendari txiletarraren lana, kemena, energia eta kontzientzia aitortu nahi izan ditu Zinegoak jaialdiak: “Espero dugu egindako lanaren aitorpen gisa ez ezik, zalantzarik gabe etorriko diren proiektuak indartzeko eta babesteko ere balio izatea”.

1974. urtean jaio zen San Martin, Curicó hirian, eta hainbat antzezlan zuzendu eta gero, 2004an sartu zen zinemagintzaren munduan. Ordutik, 30 bat film luzetan parte hartu du, gehienetan zuzendaritza laguntzaile moduan. 2011n eta 2012an La Ducha eta Gleisdreieck zuzendu zituen, hurrenez hurren. Batean zein bestean, protagonistak emakume lesbianak izan ziren, eta etorkizunean jorratuko zuen ildoa finkatu zuen. Bi lanek hainbat sari jaso zituzten nazioartean, hala nola, Berlinaleko Film labur Onenaren DAAD Saria eta New Yorkeko Nazioarteko Zinemaldiko Film labur Onenaren Saria (2011) edo Valdiviako Zinemaldiko Film labur Onenaren Saria (2012).

2016an bere lehen film luzea estreinatu zuen, Rara. Lanak oiniritzia jaso zuen ikusleen eta kritikarien partetik, eta besteak beste, Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos saria jaso zuen urte berean.

Bilboko LGBTI zinema eta arte eszenikoen jaialdia 2020ko otsailaren 24tik martxoaren 8ra bitartean izango da, eta inaugurazio ekitaldian jasoko du San Martínek oroigarria, Arriaga Antzokian. Aurreko egunean, urtarrilaren 23an, berak zuzendutako Rara (2016) filma proiektatuko dute 19:00etan, BBK Aretoan, eta hilaren 26an klase magistral bat emango du du Euskal Herriko Zinema Eskolan (EHZE).