Larunbatean bukatu zen Dock of the Bay jaialdiaren 13. edizioa, eta ikuslearen aldetik parte-hartzea esanguratsua izan da. Bestalde, sariak banatzerakoan, bi obra izan dira garaile nagusiak: A Bright Ligh: Karen and the Process (2018) eta Felix in Wonderland (2019).

Urtarrilaren 13tik 18ra ospatu berri da Dock of the Bay, eta musika oinarria duten dokumentalez zein ikus-entzunezko ekoizpenez gozatzeko aukera izan dute bizilagunek Donostian. Edizio honetako epaimahaia Nacho Vegas musikariak, Garbiñe Ortega irakasle eta Ikuspuntu jaialdiko zuzendaria artistikoak, eta Koldo Almandoz zinegileak osatu dute.

A Bright Ligh: Karen and the Process eta Felix in Wonderland filmek eskuratu dute musika dokumental onenaren saria. Karen Dalton musikagile estatubatuar eta Felix Kubin musikari elektroniko alemaniarraren inguruko obra hauek, bi artisten munduetan barneratu dituzte ikusleak. A Bright Ligh: Karen and the Process lanari, “Karen Daltonen irudi aitortu bezain ezezagunarekiko egindako hurbilpen poetiko eta pertsonalagatik” eman diote saria. Felix in Wonderland pelikularen kasuan, aldiz, “Felix Kubin bezalako pertsonaia eta bere mundua azaltzeko modu libre eta ludikoa” saritu dute.

Bestalde, ikuslearen saria Javi Senz zuzendariaren Disco Confessions: John Morales, A life in the mix (2019) lanarentzat izan da. Honen kasuan, ikuslearen iritzi positiboa izan da garaipena lortzeko gakoa.

Jaialdiak harrera handia jaso du aurten ere, eta jarduera eta ekintza asko antolatzeaz gain, Elkarrizketak atal berria jarri dute martxan. Honen helburu nagusia sortzaile, egile, kritikari eta ikusleen artean elkargunea sortzea da, solasaldi baten bidez. Aarón Rodríguez Serranok gidatu du aurtengo lehen saioa eta Kantak (guk) kontatzearen plazera eta Pelikulak kantatzearen plazera izan dira gai nagusiak.

Baina, hau ez da jaialdia hasi zenetik gehitu duten elementu bakarra, izan ere, edizio bakoitzean zehar hainbat sail berri aurkeztu dituzte eta pixkanaka-pixkanaka handitzen joan den ekitaldia bilakatu da. Besteak beste, Dock Live! sailarekin hasi ziren aurreko urtean; musika zuzenean entzuteko aukera ematen du eta aurten hiru emanaldi antolatu dituzte.

Oraindik ez dute hurrengo urteko edizioaren berririk eman, baina jasotako harrera kontuan izanda, jaialdiak hazten jarraituko duela dirudi, geroz eta atal eta ekitaldi gehiago programatuz. Horren bidez, partaidetza handiagoa eskuratzeko aukera izango luke, festibalen arloan nabarmentzea lortuz. Gaur gaurkoz, hirian antolatzen diren Donostia Zinemaldiaren eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen itzalean dago, baina dagoeneko lortu du bizilagunen ahotan egotea.