68. ekitaldiari begira, Donostia Zinemaldiak aldaketa esanguratsuak izango dituela aurreratu du: hautaketa batzordeak bi kide berri izango ditu (Javier Martín eta Natalia Marín), eta lehiaketa bidez aukeratuko dute jaialdiko sarreren sistema gestionatuko duen enpresa. Udaberrian abiatuko dute lehiaketa.

Javier Martín eta Natalia Marín programatzaileak Donostia Zinemaldiko hautaketa batzordeko kide izango dira aurrerantzean. Martín Berlinen eta  Cannesen aritu da orain arte, eta Latinoamerikako ordezkari izango da. Marín, berriz, zinemagilea izateaz gain, Elías Querejeta Zine Eskolako sorkuntza-proiektuetan mentore lanetan dabil, eta Espainiako Zinematekaren programatzailea da.

Roberto Cuetok Zinemaldiko hautaketa batzordeko kide izaten jarraituko du beste urte baetez, eta Hego Korean ordezkari izateaz gain, Ekialdeko Europan ere arituko da. Bere aurretik zeregin hori Matthieu Darraseni zegokion.

Horrez gain, iazko afera ez errepikatzeko asmoz, lehiaketa bidez aukeratuko dute jaialdiko sarreren sistema gestionatuko duen enpresa, eta aurkezten direnek lehen eguneko sarreren eskaera masiboa simulatuko duen proba bat gainditu beharko dute. Udaberrian abiatuko dute lehiaketa, baina momentuz, baldintzak eta oinarriak zehaztu gabe daude.

Hiru orduz erori egin zen sistema ezustean, eta milaka pertsona standby egoeran gelditu ziren azalpen eske. 178.687 sarrera saldu ziren jaialdirako, horietatik 60.000 lehen egunean. Egoera errepika ez dadin, Tecnalia ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroa ari da simulagailua prestatzen, eta egoera horri aurre egin beharko diete enpresek.

Azken zortzi urteetan Impronta Soluciones enpresa madrildarra arduratu da zereginaz, besteak beste,  Sitgesko, Valladolideko, Malagako eta Sevillako jaialdietan egin bezala, eta aurten ere hala izatea espero duela esan du. El Diario Vasco egunkariari egindako adierazpenetan haserre azaldu da  Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria. Errespetu falta salatu du, bai berak zein Zinemaldiko langileek jasan behar izan zituzten irainak gaitzetsiz, eta nazkatuta dagoela aitortuz.