Jaime Murciego eta Pablo Iraburuk zuzendutako Cholitas (2019) dokumentala datorren urtarrilaren 24an helduko da Euskal Herriko aretoetara. Hori baino lehenago, urtarrilaren 23an, aurrestreinaldi ekitaldi berezi bat egingo dute Iruñeako Golem Baiona zineman.
Filmak mendiko espedizio batera doazen bost emakume indigena boliviarren istorioa du ardatz: Lidia, Liita, Dora, Rlena eta Ceciliarena. Amerikako mendi altuena (Aconcagua) igoko dute beraien soineko tradizionalak daramatzatela. Mendian gora aske, zoriontsu eta bizi sentitzen dira emakume ausart eta inspiragarri hauek, eta tradizioa mantentzen eta naturarekin bat egiten irakatsiko diote publikoari.
2016an, cholita mendizaleen inguruan artikulu bat irakurri ondoren, emakume hauekin kontaktuan jarri zen Jaime Murciego errealizatzailea. Handik gutxira, Boliviara bidaiatzea erabaki zuen. Emakumearen ametsa zen horren alde egin zuen bertan: Aconcagua mendiaren gailurrera iristen lagundu zituen, bidaia guztia grabatu bitartean. Lan mardul horretan, Arena ekoiztetxeko Pablo Iraburu izan zuen bidelagun.
Filmak Epaimahaiaren saria jaso zuen 2019ko abenduan ospatutako BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren 12. edizioan, “ezkutuan dauden gaiak, gainditze eginahalak, eta erronka epiko bat erakusten dituen istorio handi bat delako”. Hargatik, hilabete amaieran abiatuko duten Mendi Tour ziklo ibiltarian ikusi ahal izango den pelikuletako bat izango da ere. Besteak beste, Donostiako Antzoki Zaharrean proiektatuko dute urtarrilaren 28an, eta Zangozako Karmengo Entzutegian hilaren 31n.
Zinema-aretoei dagokienez, urtarrilaren 24tik aurrera izango da ikusgai, Iruñeako Golem Yamaguchin eta Bilboko Golem Alhondigan.