Pamplona Negra zinema eta nobela beltzari eskainitako jaialdia ospatzen ari dira egunotan hiriburu zaharrean, krimena eta intriga generoak aldarrikatuz. Iragan urtarrilaren 13an hasi zen eta bihar, urtarrilaren 18an, emango diote amaiera.
“Pertsonen, idazle eta irakurleen, gidoilari, zinemagile eta ikusleen eta sortzaileen eta publikoaren arteko topagunea” bilakatu da astebetez Iruñea, jaialdiaren antolatzaile gisa aurkeztu den Nafarroako Filmotekak azaldutakoaren arabera. “Alde ilunenean” jarri du fokua aurtengo edizioak, eta Ameriketako Estatu Batuak izan dira herrialde gonbidatua. Besteak beste, lantegiak, solasaldiak, filmen proiekzioak eta gastronomia saio bat antolatu dituzte, eta gainera, Lou Berney idazle ezagunak gidatutako irakurketa saio berezi bat egingo dute lehen aldiz.
Azken egunetako proiekzioen artean, Curtis Hansonen L.A. Confidential (1997) obra egongo da ikusgai, gaur arratsaldean, 20:15ean Baluarteko Ganbera aretoan. Honen aurretik, lantegi bat, solasaldiak, mahai ingurua eta sinadurentzako eskatzeko tarte bat iragarrin dute.
Biharko, jaialdiko azken egunerako, beste hainbat ekintza edo saio prestatu dituzte: gastronomiari eskainitako une bat edo Sandra Iraizoz idazleak gidatutako masterclass bat. 19:15ean emango diote agurra jaialdiari, eta, ondoren, Jazzy Leap taldearen kontzertuaz gozatu ahalko dute Baluartera gerturatutakoek.
Egitaraua edota jaialdiaren informazio zabalagoa, ekitaldiaren webgune ofizialean.