Kritikari eta kazetariek eman dute epaia. Dolor y gloria eta Ventajas e viajar en tren izendatu dituzte sarietan drama eta komedia generoetako film onenak bart banatutako Feroz sarietan. Belen Cuestari emakumezko aktore onenaren saria eman diote La trinchera infinita-n egindako lanagatik, eta  soinu banda onenarena Alberto Iglesias musikari donostiarrari.

Bilbori lekukotza hartuz, Alcobendasen (Madril) banatu dituzte aurten Espainiako zinema kazetari eta kritikariek Feroz sariak. Dolor y gloria filma izan da garaile nagusia sei errekonozimendurekin, eta tartean, Alberto Iglesias musikari donostiarra saritu dute Pedro Almodovarren filmerako sortutako soinu bandagatik. Zuzendari, gidoi, gizonezko aktore eta taldeko emakumezko aktore onenen sariak ere jaso ditu zuzendari espainiarraren ekoizpenak.

Indartsu hasi zuten gaua moriartitarrek, izan ere, La trinchera infinita-n egindako lanagatik berehala taula-gainera deitu zuten Belen Cuesta, baina emakumezko aktore onenaren sariaz gain Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregik zuzendutako lanak ez zuen garaikur gehiagorik lortu. Guztira, sei izendapen zituen, El hoyok adina. Galder Gaztelu-Urrutiaren filma baina, esku hutsik gelditu zen.

Zazpirekin, gainerako euskal ekoizpenek baino izendapen bat gehiagorekin ekin zion Aritz Moreno donostiarraren Ventajas de viajar en tren pelikulak, eta Feroz sari bakarra eman zioten, komedia generoko film onenarena.

Goya sariak heburu

2013az geroztik banatzen dira Feroz sariak, eta zazpi urte hauetan estatistikak badu zeresanik. Izan ere, Goya sariak eman aurretiko azken hitzordu garrantzitsuena bilakatu da, Urrezko Globoen parekoa, baina nekez etorri izan dira bat kazetariak eta Akademia garaikur nagusiak ematerakoan. 2015an La isla minima-k (Alberto Rodríguez), 2016an Tarde para la ira-k (Raúl Arévalo) eta iaz Campeones-ek (Javier Fesser) baino ez dute film onenaren saria errepikatu. Hala, ikusteke dago euskal ekoizpenek urtarrilen 25ean izango duten harrera.

10 garaikur eskuratu zituen Handia-k, baina ez Akademiak ez zuen film onena izendatu. Hala, 2018ko ekitaldiko marka gainditzea izango dute Moriartiko lagunek erronka. Aurten, 15 izendapen esleitu dizkiete, eta gerta liteke Handia-rekin ez bezala, film eta zuzendari onenaren sariak jasotzea.

Bestalde, Gaztelu-Urrutiaren El hoyo lana efektu berezi eta gidoi original onenaren sariak eskuratzeko hautagaia da, eta Ventajas de viajar en tren pelikula zuzendu duen Moreno donostiarrarekin lehiatuko da zuzendari berrien kategorian.