O Regresso de Amílcar Cabral (1976) eta Reassemblage: From the Firelight to the Screen (1982) dokumentalak izango dira ikusgai gaur, 19:00etan, Tabakaleran. Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak atonduriko ‘Eskolatik’ zikloaren parte den saioa da, eta Filipa César eta Pablo La Parrak gidatutako solasaldi batek jarraituko ditu proiekzioak.

O Regresso de Amílcar Cabral (2000), Flora Gomes, Sana na N’Hada, José Bolama eta Josefina Cratok zuzendutako lana da, eta Amílcar Cabralen (Ginea Bissau eta Cabo Verdeko Errepubliken Independentziaren aldeko Alderdi Afrikarraren burua) hiletan grabatutako irudiak bildu dituzte bertan. 1973an hil zuten Cabral, eta bere erailketak erabat argitu gabe jarraitzen du oraindik, nahiz eta Portugalgo gobernuak ordaindutako pistolari batzuek hil zutela dioten.

Reassemblage: From the Firelight to the Screen (1983) izango da eguneko bigarren proiekzioa. Trinh T. Minh-hak zuzendutakoa da, begiekin entzun eta belarriekin ikusteko gonbita egingo duena. Oraingoan Senegalen. Senegaleko jendeari buruzko filma da eta, aldi berean, zinemari berari buruzko gogoeta bat, ohiko zinema etnografikoa ezbaian ipintzeko ariketa bat. Zuzendariak ikuslea manipulatzeko erabiltzen diren tresna zinematografikoak erabiltzen ditu, musika esaterako, ikusleengan emozioak sortzeko duten gaitasuna erakusteko.

Proiekzioen ostean, Filipa César artista eta zinegileak eta Pablo La Parra EQZEko ikerketa departamentuko buruak hizketaldi bat emango dute.

Oraindik sarrerarik gabe bazaude eta joateko asmoa baduzu, hemen erosi ditzakezu. Ekitaldiaren xehetasun gehiagorako, aldiz, hona jo dezakezu.