Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen osagarri den ‘Fanzineen Gerra‘ ekimen arrakastasuan sorturiko aleak online konsultatzeko aukera ahalbidetu dute jaialdiaren antolatzaileek. Horror festibalaren webguneak bilduko ditu guztiak.

“Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea ez da soilik filmen proiekzio ekitaldi hutsa, hiriko txoko ugari blaitu eta kutsatzen dituen ekimen kontsolidatua baizik”, jaialdiak 30 urte bete izanaren garrantzia nabarmendu zuen Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotzi ordezkariak iazko edizioaren aurkezpen egunean. Izan ere, pelikulen emanaldiez harago doazen tradizio errotu andana biltzen ditu hiriko jaialdi enblematikoenak: abonua erosteko kola amaigabea, kaleko desfileak edo fanzine gerra dira horren adibide argiena.

Azken horri dagokio jaialdiaren antolatzaileek 2020an iragarri duten berririk goiztiarrena: sarean ikusgai ipini dituzte azken 4.urteetako fanzine guztiak. Ekimenaren berri ez duzuenok, jakin azken lau urteetako ekimen arrakastatsuenetariko bat bilakatu dela Fanzineen Gerra deiturikoa. Bertan, jarraitzaileek beren argitalpenak aurkezten dizkiote Antzoki Zaharreko publikoari, halako babesa lortu asmoz. Tabakalera eraikineko Ubik liburuegiaren edizio txokoan sorturiko lanak izan ohi dira, FNACen dendaren babesarekin, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Asteari eskainitakoak.

Bada, Twitterren zabaldutako aipu baten bidez jakinarazi dute jaialdiaren webgunean ipini dituztela ikusgai azken lau urteetan bildutako aleak.