Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko jaialdiko epea otsailaren 19ra arte egongo da zabalik, eta akreditazio desberdinak eskainiko ditu profesional eta kazetarientzat. 14. edizioa izango du aurtengoa, eta martxoaren 2tik 7ra bitartean ospatuko dute.

Punto de Vista jaialdiak arreta berezi bat ematen die proposamen arriskutsu eta aurrerakoiak sortzen dituzten sortzaileei, eta errealizadoreek haien dokumentaleko subjektua ikusleekin lotzea lortu behar dute. Publikoan harreman etiko bat ezarriko dute, eta errealitatea ulertzeko ahalegin edo gogoeta bat sortzeko helburua izango dute. Izan ere, jaialdiak errealitatearen ezagutzea bultzatzen du, eta bere funtsean, ez-fikziozkozko zinemaren ospakizun bat da.

Akreditazio profesionalerako izen ematearen kuota hogei eurokoa da, eta ikus-entzunezko sormen eremurako profesionalei eta hirugarren zikloko ikasleei dago zuzenduta. Hori ordaintzeko aukera otsailaren 23ra arte izango da. Martxoaren 2tik aurrera jaialdiko egoitzara joan eta akreditatuen standean ordaintzeko aukera izango dute, hogeita bost euro izango dira, ordea.

Prentsa akreditazioa, berriz, komunikabideen ordezkariei bakarrik dagokie, doakoa da eta Sail Ofizialeko goizeko proiekzioetara, prentsaurrekoetara eta aurkezpenetara lehentasunez sartu ahal izango dira onuradunak. Akreditazioen kopurua mugatua dela gogorarazi dute antolatzaileek, eta, hortaz, eskaera bidaltze hutsak ez duela parte-hartzerik baieztatzen.

Bestalde, epaimahai gaztea eta boluntario izan nahi dutenentzako epea otsailaren 11n amaituko da.

Informazio guztia irakurtzeko sakatu hemen.