Lur Olaizola (Donostia, 1988) Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko ikus-entzunezkoen atalaren koordinatzailea da egun. Victor Iriarte eta Sara Hernandez lankideekin batera osatzen du taldea, eta zentroko ikus-entzunezko programazioa atontzeaz eta eskaintzeaz arduratzen dira egunerokoan. Horrez gain, hainbat entitaterekin elkarlanean osatutako programetan hartzen dute parte, hala nola, Zinema (h)abian edota Ikusmira Berriak ekimenetan. Ez dute egiteko makala!

Tabakaleraren helburua “beste zinema mota bat” eskaintzea dela dio, haren sorrerara arte gurean ikusterik ez zegoena, eta horrez gain, filmak kolektiboan eta sortzaileen presentzian ikusteak duen berezitasuna azpimarratzen du. Hala, emanaldien aurreko eta osteko aurkezpenei eta solasaldiei berebiziko garrantzia aitortzen die.

Harrera apala da oraindik Tabakalerako zinema aretoan, jendartean errotuta jarraitzen duten kontsumo-ohiturak medio, eta horregatik, New Yorken eta Bartzelonan ikusten zituen gaztez beteriko aretoak falta botatzen dituela aitortu digu. Baina Tabakalera eraikinean biltzen diren zinemaren munduarekin lotutako eragile andanaren arteko lotura nazioartean eredu dela ere argi du.

‘Xulia’ filmaren sortze prozesuaz aritu ginen lehen bideoan, eta hauxe duzue Olaizolari egindako elkarrizketaren bigarren atala.