Zinema maite duzu? Jaialdi baten funtzionamendua barrutik ezagutu nahiko zenuke? Boluntario gisara parte hartzeko deia zabaldu du ZINEGOAK – Bilboko Gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen 17. Jaialdiak. Otsailaren 3ra arte luzatuko da izen-emate epea.

Filmak proiektatzeaz gainera, hamaika dira nazioarte mailako jaialdi batek eskatzen dituenak: sarrerak saldu, gonbidatuei harrera egin, komunikazio-lanak… Horiek guztiak dira Zinegoak zinemaldiaren lan-taldeak aurrera eraman behar dituenak, eta zerbitzua hobetze aldera, gazte konprometituen laguntza galdegin dute.

Adin nagusiko gazteak bilatzen dituzte, euskaldunak, eta zinemaren testuinguruan moldatzen direnak. Ezinbestekotzat jo dute denbora gaitasuna (batez ere jaialdiak iraungo dituen bi asteetan), eta hartutako erabakiarekin konpromisoa eta ardura eskatu dizkiete deialdira aurkezten direnei. Iragarri dute, gainera, festibala baino lehenago derrigorrezko formakuntza bat prestatu dutela bere burua aurkeztutako gazteek jaialdia ezagutu eta zereginetan trebatu ahal izateko.

Zer behar duzuen zuen burua boluntario aurkezteko? Hemen eskatutako datuak bete.