Sari-banaketa sasoia inauguratu da ofizialki Espainiako estatuan. Larunbatean banatu dituzte Forqué sariak Madrilen, eta fikziozko edo animaziozko film onenaren kategorian La trinchera infinita lanak jaso du garaikurra.

Espainiako Zinemaren Akademiak ematen dituzten Goya sariak izan ohi dira urteko ekoizpen onenen erakusleiho, baina gero eta garrantzia zein oihartzun handiagoa hartzen ari dira ekoizleen, kritikarien edota kazetarien elkarteen esku dauden hitzorduak. Ekoizleen Eskubideak Kudeatzeko Erakundeak banatutako Jose María Forqué sariak dira zerrendan lehenak, aurten 25. ekitaldia bete dituztenak.

Ekoizleek moriartitarren La trinchera infinita lana izendatu zuten fikziozko film luze onena Madrilen egin zuten galan, eta 30.000 euro jaso zituzten saritan. Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filmak Pedro Almodovarren Dolor y gloria, Alejandro Amenabarren Mientras dure la guerra eta Oliver Laxeren O que arde pelikulak izan zituen lehiakide.

Garaikurra jasotzera zuzendari eta ekoizleak taula-gainera igo zirenean, esker hitzak eskaini zizkieten Antonio de la Torre eta Belen Cuesta aktore protagonistei zein senideei, “etxetik urrun lan egitean izan duten pazientziagatik”.

Almodovarren alter egoa-ren rola betetzen duen Antonio Banderasi eman zioten gizonezko aktore onenaren saria, eta Madre (Rodrigo Sorogoyen) filmeko protagonista den Marta Nietok jaso zuen emakumezko aktore onenarena.  Dokumentalei dagokienez, Ara Malikian: Una vida entre las cuerdas (Nata Moreno) saritu zuten, eta El nadador (Pablo Barce) izan zen film labur onena.

Ostegunean (urtarrilak 16) Feroz Sariak banatuko dituzte, eta ikusteke dago  La trinchera infinita lanak Espainiar estatuko zinema kritikari eta kazetarien errekonozimendua izango duen edo ez.