Zuzendaria: Bong Joon-ho
Herrialdea: Hego Korea
Urtea: 2019

Bong Joon-ho azken urteetako zuzendari hegokorear ezagunena da, Snowpiercer (2013), Okja (2017) edo Memories of Murder (2003) lan arrakastatsuei esker. Donostiako Zinemaldiko Perlak sailean egoteaz gain, Parasite-ek Cannesko jaialdiko Urrezko Palma Saria eta Urrezko Globoetako Ingelesaz besteko film onenaren Saria irabazi ditu. Gainera, sei Oskar Sarietarako hautagaia da, besteak beste, Film onenaren eta Zuzendari onenaren Sarietarako. Film honek Kim Ki familia behartsu eta Park familia aberatsaren arteko mendeku, leialtasun eta familiarekiko maitasunaren inguruko istorioa kontatzen du, batez ere, umorea eta suspensea erabiliz.

Kim Ki-woo (Choi Woo Shik), familia pobre baten seme gaztea, Park familiako alabaren ingeleseko irakasle bilakatuko da bere lagun batek diru erreza eskuratzeko aukera hori gomendatu ondoren. Semeak bere lanpostuan egonkortzea lortuko duenean, banan bana sartuko ditu gainerako kideak ere, bakoitzarentzako lanpostuak eskuratuz.

Zoritxarrez, ezin dut askoz gehiago esan istorioari buruz, spoiler handiegiak egingo nituzke eta, baina dagoeneko askok irakurri edo entzungo zuten bira asko egiten dituen pelikula horietako bat dela. Nik ez dut azalduko zein diren, baina aitortu beharra dut ez dudala uste filma horren arrakastatsua bilkatuko zenik horrelako ustekabez betea egon ez balitz  (nahiz eta komedia huts bezala ere ondo funtzionatuko zuela uste dudan). Izan ere, nire harridurarako, istorioaren zatirik gehiena umore argitsuz eta beltzez beterik dago, eta nabarmentzekoa da satiraren bidez gizarte modernoari eta klase desberdintasunari egiten dion kritika.

Ustekabeak iristen hasiko direnean, lekuz kanpo izatetik urrun, benetan sinesgarri suertatuko dira; batzuetan barre algara sortuko diote ikusleari, beste batzuetan aho-zabalka utziko dute, eta baita bien konbinazioa ere bai. Azken minutuetakoak dira esanguratsuenak, baina obra guztian zehar aurkitu daitezke horrelako uneak, hasiera batean komediari laguntzen diotenak eta amaieran klimaxa eragiten dutenak.

Pertsonaiak ere oso esanguratsuak eta karismatikoak dira, ondo aprobetxatuta daude, eta konplexutasuna eta zerbait interesgarria eskaintzen dute denek. Familia xumekoak, Kim Ki-taek (Song Kang Ho), Kim Ki-woo (Choi Woo Shik), Kim Ki-jung (Park So Dam) eta Kim Chung-sook (Chang Hyae Jin) dira, adimenean dute abantaila handiena, eta denek dute une nabarmenik. Familia aberatseko kideek, berriz, Pasorprk Yeon-kyo (Cho Yeo Jeong), Park Dong-ik (Lee Sun Kyun), Park Da-hye (Jung Ziso) eta Park Da-song (Jeong Hyun Joon), adeitasuna dute bertute, baina garbi dago ez daudela bizitza xume bat izatera ohituta eta horrek gatazkak sortuko ditu bi familien artean.

Bestalde, aipatzekoa da Moon-gwang (Lee Jung Eun) pertsonaia. Familia aberatsaren etxeko zaintzailea da, eta rol txikiagoa izan arren, filmeko momentu “beldurgarrienetako” batzuen jabe da. Komatxo artean jartzen dut, beldurra baino gehiago urduritasuna edo ezinegona eragiten baititu, eta Lee Jung Eun aktorearen lanak pertsonaia maitatu eta gorrotarazten dizu.

Honi amaiera eman aurretik, Cho Yeo Jeong, Song Kang Ho, Choi Woo Shik eta Park So Dam aktoreen interpretazioak gailendu nahiko nituzke  ere. Izan ere, agerikoa pertsonaien esentzia erabat ulertu dutela, eta hauei bizia ematen diete. Desberdinak izan arren, ikusle guztiak erakartzeko gai dira pantailan agertzen direnean, eta denak elkartzen direnean ikuskizun zoro bat izango dugu aurrean.

Alde negatibo bat aipatzearren, amaierako azken hiru minutuak ez zaizkit hain beharrezkoak iruditu. Horiek gabe ere, filmak berdin funtzionatuko zuela pentsatzen dut, baina, aldi berean, ikuspegi interesgarri bat ere aztertzen dute. Gehiegi kontatu gabe, “itxaropen faltsu” baten ideia aurkezten da minutu horietan, ikusleak pertsonaiak baino gehiago dakielako momentu honetan.

Agerian da Parasite-k eskuratutako arrakasta merezia dela, thriller eta drama ukituak dituen komedia beltz honetan originaltasuna, gidoi on bat, interpretazio esanguratsuak, ustekabe handiak eta irudi ikusgarriak aurkitu ditzakegu-eta. Zinematik ateratzean hizketaldi luzea bideratzen duen obra horietako bat da, non bakoitzak bere hausnarketa edo interpretazioa adierazi dezake. Bong Joon-hok zinema komertziala eta ez-komertziala nahastu ditu lan honetan, ikusle orokorrari zerbait ezberdina aurkeztuz. Pozgarria da zuzendari batzuek horrelako istorioak egiten jarraitzen dutela ikustea, gogoeta bereziak eta harridura (positiboa) sortzen dituztenak.