“Film Symphony Orchestra” berriro dabil tour-ean, eta martxoaren 22an, igandea, Donostiako Kursaal Jauregian izango da zinemaren soinu banda ezagunenak interpretatzeko. Saioa 19:00etan hasiko da, eta, besteak beste, John Williams edo Hans Zimmer konpositoreen doinuez gozatzeko aukera izango dute ikus-entzuleek.

2019ko azaroaren 8an izan ziren Kursaalean, bira bereko beste saio batean. Berandu baino lehenago, martxoan Donostiara itzuliko direla iragarri berri dute. Edizio honetan, besteak beste, Avengers: Endgame (2019), Interstellar (2014), Amélie (2001) edo Back to the Future (1985) pelikula gogoangarrietako kantak izango dituzte lagun.

FSO, filmetako soinu bandetan berezitutako Europako lehen orkestra sinfonikoa, 2012an osatu zuen Constantino Martínez-Orts zuzendari eta musikari valentziarrak. Arrakasta handia eskuratu du ordutik, Estatu Espainiarrean zehar zazpi bira egin ondoren. Aurreko urtean, berritasun gisa, lurraldetik kanpo atera, eta Oporto eta Lisboa hirietara hurbildu ziren. Aurten ere bertan izango direla iragarri dute.

Martínez-Orts konpositoreak hainbat sari irabazi ditu, besteak beste, “The London College of Music”-ek emandako Postgraduate Composers Prize edo Moldaviako orkestrako Zuzendariaren Sari Nagusia. Gainera, “The BBC Concert Orchestra” edo “Bard College Symphony Orchestra” bezalako orkestra internazionaletako zuzendaria ere izan da.

Martxoaren 22an izango den saioak bi ordu eta erdiko iraupena izango du, eta hogei minutuko atsedenaldi bat egongo da. Antolatzaileeen arabera, “zinemazale handienek galdu nahi ez luketen ikuskizuna” izango da, eta dagoeneko sarrerak salgai daude Kursaaleko web-gunean; prezioak 32 euro eta 54 euro bitartean daude.

Kursaaleko saioko informazioa irakurtzeko eta sarrerak erosteko, sakatu hemen.