2003ko otsaila zen Guardia Zibilak gerora bertan bera utziko zuten polizia operazioa abiatu zuenean Arantzazuko Santutegian. Operazioaren etenaren arrazoiak, eta balizko gertakariaren ondorioak aztertu zituen Khuruts Begoña sortzaileak  Eta gertatu izan balitz?  (2018) film laburrean. VIMEOn atarian irekian ikusi dezakezue.

Otsailaren 24ean, Euskaldunon Egunkaria itxi eta lau egunetara, Arantzazuko santutegira abiatu ziren Espainiako segurtasun indarrak. Ez da inoiz ezagutu operazio horren helburua, ez baitute inoiz argitu. Bide erdian zirela, dei bat jaso eta atzera egin zuen poliziak. Hau da, ez ziren ekintza burutzera iritsi. “Zer gertatuko zen Guardia Zibila euskararen eta euskal kulturaren ikur bilakatu den egoitzan sartu izan balitz?”, galdera honetatik abiatu zuen bere lana zuzendariak, eta Martxelo Otamendi, Euskaldunon Egunkaria zenaren zuzendaria (egun BERRIA zuzentzen du), eta Jakin aldizkariko Lorea Agirreren laguntza izan du horretarako.

Filma aurkezterako unean azaldu zuen zuzendariak betidanik buruan izan duen ideia izan dela Arantzazuko gertakariari buruzko lan bat errodatzea. Asmoa bai, baina ez zuen abiapuntu argirik. Guardia Zibiliak Arantzazun egitekoa zuen operazioaren inguruan irakurri zuen behin BERRIA egunkarian, eta orduan heldu zitzaion tira egiteko haria. Eskuartean zituen beste proiektuak baztertu, eta lanean hasi zen.

Hamasei minutu inguruko ikus-entzunezkoa izan zen emaitza. Egileak onartzen du kontakizun abstraktu samarra geratu zaiola, baina pozik dago lortutako emaitzarekin.  2018ko Abenduan estreinatu zuten proiektua, eta Donostian ere hitzartu zuten bigarren aurkezpen emanaldi bat. Horren ondoren, BERRIA egunkariaren webgunean izan zen ikusgai denbora batez, eta egileak VIMEO plataforman zabaldu du orain, modu irekian.