Albert Serra zinemagile frantseraren bisita jasoko du gaur, urtarrilaren 11n, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak. Masterclass bat eta Liberté (2019) filmaren proiekzioa eskainiko ditu; lehena 18:00tan izango da, eta bigarrena 19:00etan.

“Filmak modu fisiko batean eragiten dio ikusleari, Goizaldean, diskoteka batetik irtetean senti dezakegun harridura hori bera sentiarazten du. Film mental bat, non ezin duzun bereizi ikusi duzuna eta entzun duzuna, edo irudikatu duzuna. Batzuetan, voyeur-ak gara; beste batzuetan, haiek dira. begiratzen edo deitzen gaituztenak. Agian gu zaintzen ari dira, edo gure erreakzioak behatzen”. Premisa horretatik abiatuta eskainiko du Serrak klase magistrala, eta sarrera librea izango du aretoa bete arte. Honen ondoren, zuzendariaren Liberté (2019) obra izango da ikusgai. Bigarren saio honetarako, ordea, beharrezkoa izango da sarrerak erostea.

Ondorengoa duzue filmaren sinopsia: 1774. urtean, Frantziako Iraultza baino urte batzuk lehenago, Potsdam eta Berlin hirien artean kokatu du istorioa. Madame de Dumeval, Thesiseko dukea eta Wandeko dukea, Louis XVI.aren kortetik botatako libertinoak, Walchengo duke eta pentsalari libre alemaniarraren bila ari dira, hipokresiak eta gezurrezko bertuteak nagusi diren lurraldean.  Morala eta autoritateak baztertzen dituen filosofía batean oinarritua, Libertinajea esportatzea da beren helburua, baina, batez ere, haien joko maltzurrarekin jarraitzeko leku berri bat topatzea.

Serra zuzendariaren aurreko lanen artean La mort de Louis XIV (2016) edo Història de la meva mort (2013) dira nabarmen, eta bere proiektuetako bi Canneseko jaialdi ezagunera iritsi dira; ekoiztu duen azken filmak (ikusigai izango de Liberté, hain zuzen) Un Certain Regard saileko Epaimahaiaren Saria jaso zuen. Pelikula honek polemika bizia sortu zuen Cannesko jaialdian, sadomasokismoz beteriko sexu-eszena esplizituak bildu izanagatik. Serrak, ordea, gogor defendatu du bere obra, eta “zentsuraren aurka” eta “adierazpen askatasunaren alde” egin du.

Xehetasun gehiago, hemen.