Iragan abenduaren 9tik 14ra ospatu zuten Umorea Labur film laburren lehiaketa, Arrigorriagako Lonbo Aretoan. Aitor de Kintana eta Iñaki Rikarteren Pizza (2019) lana izan zen garaile, eta Moriarti Produkzioak taldeko kideek eskuratu zuten XVIII. edizioko Ohorezko Txantxarria.

Iñaki Rikarte eta Aitor de Kintanaren ‘Pizza’ (2019) filmak eskuratu zuen sari nagusia.

Ohi bezala, gabon jaien atarian ospatu zuten jaialdia. Urteroko beste ohitura bati jarraipena eman, eta debutatu berri duen zinemagile baten film luzeak zabaldu zuen egitaraua abenduaren 9an: Jon Mikel Caballero iruindarrak zuzendutako El increible finde menguante (2019) lanak, hain zuzen. “Ezin barregarriagoak diren edo inongo graziarik ez duten lan horiek” galdegin zituzten antolatzaileek, eta komedia generoaren kabi eta topalekua antolatu zuten bost egunez.

Orain arteko parte hartze handiena erregistratu zuen lehiaketak: 216 film labur aurkeztu zituzten deialdira, eta horietako 31 izan ziren hautatutako finalistak.Astelehenetik ostegunera banatu zituzten Sail Ofizialeko emanaldiak, eta asteburua heltzearekin batera egin zuten sari banaketa ekitaldia.

Bada, Aitor de Kintana eta Iñaki Rikarteren Pizza lanak eskuratu zuen sari nagusia. Bestalde, Pablo Alenek eta Breixo Corralek jaso zuten zuzendaritza onenaren saria, El cumple (2019) laburrean egindako lanagatik; eta Pilar Nogales eta Maria Cordobarentzat (Dudillas, 2019) izan zen antzezpen onenarena. Diego H. Katarynik zuzendutako Amargo era el postre (2019) lanak eskuratu zuen ikusle gazteen aintzatespena, eta Sandra Reina eta Fran Menchonen Trivial proposamenak, aldiz, publiko orokorrarena.

Amaitzeko, Moriarti Produkzioak taldeko kideek jaso zuten edizioko Ohorezko Txantxarria, umorearen alorrean eginiko ibilbide artistikoari egindako aitortza gisa.