Errenteriarrek zinemaz gozatzeko hitzordu berezia izango dute astearteetan. Izan ere, Ozzinemak urtarrilaren 14an hasi eta otsailaren 4a bitartean Niessen aretoan eskainiko dituen filmen berri eman du. Guztira, hiru hitzordu prestatu dituzte, eta pelikulak aurkeztera gonbidatu bereziak hurbilduko dira.

Jon Sistiagak eta Alfontso Cortés-Cavanillasek zuzendutako Zubiak lanak inauguratuko du urte berria hilaren 14an, eta protagonista duen Maixabel Lasak aurkeztuko du saioa. ETA, el final del silencio telesailaren parte da ekoizpena, Movistar+ katean 2019ko urriaz geroztik ikusgai dagoena. Elkarbizitza, bakea eta memoria jorratuko ditu pantailaratuko duten lanak.

Urtarrilaren 28an, aldiz, Ameriketako Estatu Batuetara egingo dute salto. Dragged Across Concrete (S. Craig Zahler, 2018) thrillerra emango dute, eta bertan izango da Zigor Etxebeste kidea filma aurkezten.

Otsailaren 4an, azkenik, Long Day’s Journey Into Night (Bi Gan, 2018) ekoizpen txinatar hipnotikoa ikusteko aukera egongo da, eta ondoren, Mikel G. Gurpegui kazetariak solasaldia eskainiko du.

Saioak 19:30ean egingo dituzte eta gonbidapenak doan lor daitezke Niessen Kulturgunean.