Bertha Gaztelumendik zuzendutako Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa (2019) dokumentala proiektatuko dute gaur Gasteizen. 19:30ean egingo dute emanaldia, Vital Fundazioa Kultur Etxean.

Azaroaren 12an, ZINEBI jaialdian estreinatu zuen Gaztelumendik ekoizpena, Bertoko Begiradak sailean, eta herriz herri dabil bere lanaren berri ematen.  Hala, Gasteizko Vital Fundazioa Kultur Etxean dute herritarrek ordu bete pasatxo irauten duen dokumentala doan ikusteko gaur arratsaldean hitzordua.

Gladys del Estalen erailketa dakar dokumentalak gogora, izan ere, 1951tik martxan dagoen Bardeetako tiro-poligonoaren aurkako protestetan hil zuten, Espainiako Gobernuak Soto de Vergaran (Arguedas eta Tutera artean) zentral nuklear bat eraikitzeko proiektua esku artean zuen garaian. Gladys hil baino hilabete batzuk lehenago, istripu bat izan zen Three Mile Islandeko (Harrisburg, AEB) zentral nuklearrean, eta horrek zutik jarri zuen Europako mugimendu ekologista. Gladys del Estal Ferreño Donostiako Egia auzoan bizi zen, programatzaile informatikoa zen eta bere lana Kimika ikasketekin uztartzen zuen. Militante ekologista ere bazen, eta, horregatik, ekainaren 3an Tuterara joan zen, Batzorde Antinuklearren deiari erantzunez.

1979ko ekainaren 3an, Guardia Zibila bortizki sartu zen Prado pasealekuan, aurretik baimendutako ekitaldi baketsuaren kontra. Gladys hilik eraman zuten ospitalera, buruan emandako tiro baten ondorioz. Tiro egin zuen agenteari 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, heriotza eragin zuen zuhurtziagabekeri delitu batengatik.