Telmo Iruretak eta Ander Iruretagoienak Beldur malutak film laburra zuzendu dute. Zinema jaialdietan ari dira lana aurkezten, eta ekainean sare sozialetan, estreinatzea aurreikusi dute.

Aktoreak dira biak, baina, taula gainean zein kamera aurrean aritzetik zuzendari izatera igaro dira beldurra abiapuntu duen istorioa filmatzeko. Beldurrari buruz irakurritako liburu batek bultzatu du Iruretagoiena gaiaz jardutera, eta Irureta izan du bidelagun.

Laura izeneko psikologoa da protagonista. 30 urte ditu eta aitaren gaixotasunari aurre egin ezinik ikusiko dugu. Hura bisitatzera joateak beldurra eragingo dio, iraganeko zauriak eta mamuak berri agertuko direlakoan. Maiena Salinak haragituko du Laura, eta Naia Madurgak, Klara Badiolak, Patxi Santamariak eta Gorka Zubeldiak ere parte hartu dute aktore lanetan.

Istorio sotila, gizatiarra, sortu dute zuzendariek, minari eta esperantzari buruzko hausnarketak barneratzen dituena. Hala ere, ez dute aita eta alabaren arteko harremanean sakondu nahi izan, ikus-entzuleei utzi nahi izan baitiote sortutako galderei erantzunak ematea.

Donostiako igerilekuan filmatu dituzte eszena gehienak eta ekainean sare sozialetan estreinatuko dute lana. Momentuz, jaialdiz jaialdi ari dira film laburra aurkezten.