Aurkezpenez jositako urte baten ostean, online ikusi ahal izango da Napardeath (2019) filma. Urtarrilaren 27ra arte zatika zabalduko du Berria egunkariak, eta, egun horretatik aurrera, osorik.

Bost urteko etenaldia eta gero, iragan maiatzean estreinatu zuten Napardeath, (2019) euskal zonbien trilogiari amaiera eman zion azken alea. Oraingoan, Iruñeara bidean abiatuko da Zumalakarregi zonbia bere burua euskaldunen errege izendatzeko asmoz. Gauzak ez dira uste bezain errazak izango, Ezker Abertzaleak Antso Azkarra Momia berpiztuko baitu, Nafar Erresuma berrezarri eta tronua berreskuratzeko. Nor izango da garaile, euskal tronua lortzeko abentura berri honetan?

Beñat Iturrioz eta Xabier Padin zuzendarien filma da Napardeath (2019), eta ildo beretik aurretik egindako Ataun of the Dead (2011) eta Joxean’s Hil Eben (2014) lanen jarraipena da. Jon Tomas eta Josu Jon Tomas zientzialari karlistek Zumalakarrei berpiztu zuten lehenengo filmean, eta baita ataundar guztiak zonbi bihurtu ere. Istorioaren bigarren alean, berriz, XIX. mendean hildako soldadu karlistei bizitza itzuli eta Alderdi Nazionalista Banpiroa garaitu zituzten. Antso Azkarra momiaren berpizkundearekin jarraituko dute orain kontakizuna.

Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatu zuten filma maiatzaren 5ean, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. Astearen kartelaren aurkezpen ekitaldiaren txapelpean, eta, ondoren, sinbolismoz betetako aurkezpen berezi bat egin zuten Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan. Jarraian, ia hirurogei emanaldiko aurkezpen bira abiatu zuten Euskal Herrian barrena, eta Buenos Aires hirian ere aurkeztera iritsi ziren.

Astelehenetik aurrera, BerriaTBren webguneko atal berezian izango da ikusgai. Zatika eskainiko dute hasieran, urtarrilaren 13tik 26ra bitartean bizpahiru minutuko eszena bat partekatuz egunero. Azken zatia argitaratzearekin batera, filma osorik ikusi ahal izango da, urtarrilaren 27an.