“Fokua: Kleber Mendoça Filho” izeneko fokuari, izen bereko zuzendariaren O som ao redor (2012) filmak emango dio hasiera gaur arratsaldean, 19:00etan, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan.

Aipatutako obra da fokua hasteko aukeratu dutena, sortzaile brasildarraren lehen film luzea delako; izan ere, aurretik film laburrak eta dokumental batzuk egin zituen. Ordutik, errealizadorearen pelikulek hainbat sari irabazi dituzte Brasilen eta munduan zehar, eta bere izena ezaguna bilakatzen ari da zine munduan.

Hona hemen filmaren sinopsia: Brasilgo Recife hiriko erdi-mailako klaseko bizitegi-auzoetan dagoen ohiko paisaia hesi altuez, kale hutsez eta txakur zaindari zaunkariez dago beteta. Gau batean, João izeneko gazteak Sofia ezagunarekin amodioa egingo du. Biharamunean, neskaren leihoa txikituta dagoela eta autoko irratia lapurtu diotela ikusiko du. Baina hau João eta bere bizilagunak kezkatzen dituen arazoetako bat besterik ez da. Izan ere, segurtasun pribatua eskaintzen duen enpresa bat auzoa gaizkileetatik babesten hasiko denean, bertako biztanleen bizitzak aldatu egingo dira. Biztanle horiek isolatzen dituen horma arteko, eta kanpoko soinuak, pertsonen arteko erlazioak eta bizirauteko modua gurutzatzen dituen thrillerra da.

Martxoaren 29ra bitartean Mendoçaren lan esanguratsuenak proiektatatuko dituzte, asteburuetan; haien artean, Bacurau (2019) edo Aquarius (2016). Gainera, azken egunean, nazioarteko proiekzioa duten jaialdi, artista, zinemagile, kultur ekitaldi, kritikari, eta garrantzi publikoa duten elkarte eta pertsonei zuzendutako “Gutun zuria” programa antolatuko dute. Bertan, haien ibilbidearen edo zinema-prestakuntzaren erakusgarri den gustuko film bat aukeratu ahal izango dute.

Ikusi gaurko saioaren inguruan datu guztiak hemen. Ostera, osoaren inguruan informazio gehiago nahi izanez gero, sakatu hemen.