Zinema eta Telebistako Arteen Britainiar Akademiak BAFTA sariak jasotzeko hautagaiak diren filmen eta izendapenen zerrenda iragarri du. Otsailaren 2an egingo dute garaikurren banaketa ekitaldia Londresko Royal Albert Hall aretoan.

Banatu dira dagoeneko Urrezko Globoak, baina sari-banaketa denboraldia hasi besterik ez da egin. Otsailaren 10a bitartean, hau da, horren preziatuak diren Oscar sarien ekitaldia ospatu bitartean, herrialdez herrialde zinemagintza nazionalak eman duen uzta biltzeko garaia da.

73. BAFTA sariak dira zerrendan lehenak, eta jasotzeko hautagaiak diren filmen eta izendapenen berri eman du Zinema eta Telebistako Arteen Britainiar Akademiak. Otsailaren 2an (igandea) Londresko Royal Albert Hall aretoan egingo duten ekitaldia Graham Norton aktore eta telebista aurkezleak gidatuko du. Ekitaldia zuzenean eskainiko dute BBC One katean.

Todd Phillipsek zuzendutako Joker filmak ditu hautagaitza gehien (11), eta hamarna izendapen dituzte Quentin Tarantinoren Once Upon a Time in Hollywood eta Martin Scorseseren The Irishman lanek. Urrezko Globoetan film onenaren saria irabazi berri duen 1977 (Sam Mendes) pelikulak bederatzi garaikur lor ditzake.

Ingelesaz besteko hizkuntzetan errodatutako film onenaren sailean nazioartean arrakasta izaten ari diren Dolor y gloria (Pedro Almodovar) espainiarrak, Parasite (Bong Joon-ho) hegokorearrak eta Portrait de la jeune fille en feu (Céline Sciamma) ekoizpen frantziarrak dute aukera. Animaziozko lanei dagokienez, Disney eta Pixarren arteko lehia espero da, nahiz eta Urrezko Globoetan gertatu bezala sorpresazko erabakia har dezaketen akademikoek.

Polemikak ere badu bere tartea, izan ere, garaikurra jasotzeko hautagai guztiak arraza zurikoak direla salatu dute hainbat eragilek; zuzendari onenaren atalean gainera, denak gizonezkoak dira. Horrez gain, Urrezko Globoetan Netflixek izan zuen harrera errepikatuko ote den ikuskizun dago ere.

Hautagaitza guztien zerrenda ikusgai 2020 EE British Academy Film Awards atarian.