Dar Dar izango da Paul Urkijo gasteiztarraren film labur berria. Olaetan filmatu berri du ohiko kolaboratzaileekin batera, eta Almudena Cid du protagonista. Beldurrezko istorioa da, eta espresionismo alemaniarraren eraginpean errodatu du.

Errementari bere lehen film luzeak lortutako arrakastaren ostean, Paul Urkijo Irati izeneko luzuearen prestaketa lanetan murgilduta dago, hala ere, formatu txikira itzuliko dela adierazi berri du. Aurreko asteburuan filmatu du Dar Dar film laburra, Olaetan, eta bere ohiko lantaldea izan du aldamenean.

Iluntasuna du oinarri labur berriak, izan ere, Urkijok aitortu du pertsona nagusiei zuzendutako beldurrezko istorioa kontatuko duela. Lan esperimentala dela aurreratu du gasteiztarrak, zuri-beltzean filmatutakoa eta espresionismo alemaniarraren ukituak dituena. Hala, erreferenteak ere argi utzi ditu: F.W. Murnauren Nosferatu (1922) edota E. Elias Merhigeren Begotten (1991).

Sei minutu inguru ditu euskarazko lanak. Hiru pertsonaia nagusi ditu kontakizunak, eta Almudena Cid gimnasta ohia eta idazle gasteiztarra da protagonistetako bat.