2019. urtea bukatzear da, baina ez hori bakarrik. XXI. mendeko bigarren hamarkada agurtzear gaude, eta banako zein aldizkari, komunikabide edota erakundeek dagoeneko hasi dute ohiko zerrenda festa. Zeintzuk dira urteko film onenak? Eta, bide batez, hamarkada honetakoak?

Galdera horiek oinarri hartuz, ZINEA osatzen dugun kide, lagun edota blogariok pentsatu dugu guk ere zerrendatxo sorta bat kaleratzea, baina euskal filmena. Gogoratu film bakoitzaren fitxa teknikoa GANBARA gordailuan ikusteko aukera duzuela izenburuan klik eginez!

Istorio intimoak eta gai unibertsalak uztartzen asmatu du euskal zinemagintzak. Hala, badira urte dezente aurrerapausoa eman eta ezagutzara eman ginenetik. Eta lehen pertsonan diot, “ginenetik”, izan ere, gutxi batzuek ereindako hazia denon artean ureztatu dugu, izan zinegile, ekoizle, aktore, kazetari edo ikusle.

Euskal zinemagintzaz hitz egitean, baina, zalantzak eta eztabaidak sortzen dira. Euskaraz egindakoak soilik kontsidera daitezke euskal filmak? Lankide eta ZINEA osatzen duten gainerako lagunek egin bezala, nik ere euskara hutsean sortu ez diren film labur, luze eta dokumentalak sartu ditut aukeraketan. Euskaldunak diren edo ez bakoitzak erabaki dezala:

Hona nire hamarrekoa. Film asko utzi ditut kanpoan eta ez dakit zergatik; film asko ikusi gabe dauzkat gainera, oraindik. Zerrendak sortzearen ideia garatu genuenean aukeratutakoak dira, eta ziur bihar edota etzi ezberdinak izango liratekela.