Fritz Langek zuzendutako Metropolis (1927) filma berpiztuko dute urtarrilaren 3an Bilboko Campos Eliseos Antzokian. Madrilgo Café Kino elkartearekin lankidetzan, zinema espresionistak eman duen pelikula handienetako bat pantailaratuko dute Manuel Morales musikariak konposatutako zuzeneko musika elektronikoa bidelagun.

Hitzordu berezia prestatu dute Madrilgo Café Kino elkarteak eta Bilboko Campos Eliseos Antzokiak elkarlanean Bizkaiko hiriburuan. Zinema mutuaren garaiko film esanguratsuenetako bat era berritzailean ikusteko aukera eskainiko dute urtarrilaren 3an (ostirala) 22:00etatik aurrera. Fritz Lang zuzendari alemaniarraren Metropolis lana estreinatu zela 93 urte igaro direla ospatzeko emanaldi berezia egingo dute Campos Eliseos Antzokian.

Zinema espresionistaren ikur izan zen Metropolis, eta orain, klasiko bilakatutako pelikula aldarrikatu egingo dute iragana eta etorkizuna batuko dituen ikuskizun batean. Metropolis Live By Morales izenez bataiatu dute saioa, izan ere, Langen filma pantailaratuko dute zuzeneko musika elektronikoarekin. Soinu sintetikoek eta dream-popak errealitate alternatibo batera eramango dute ikus-entzulea. Aurretik esperimentatu gabeko sentsazioak piztea da izango du Morales musikariak erronka.

Metropolis Unescok Munduko Memoriaren Ikus-entzunezko Ondare izendatu zuen lehen filma izan zen, 1992an. Helburua gizateriaren historian garrantzitsuak diren materialak babestea du egitasmoak. Zientzia fikzioaren aitzindari izan zen Langen filma, generoan erreferentzia diren Matrix (Lana Wachowski, Lilly Wachowski, 1999), Blade Runer (Ridley Scott, 1982), Star Wars (George Lucas, 1977) edota 2001: A Space Odyssey (Stanley Kubrick, 1968) lanak baino urte dezente lehenago egindakoa.

Ikuskizunera bertaratzeko sarrerak 16,50 euro balio ditu, eta Campos Eliseos Antzokiko webgunean eskuratu daiteke.