Zinemaz gozatzeko aukera indartuko du BilbaoArteko Art House Zinemak datozen egunotan. Hala, Orfeu Negro filma ikusteko aukera izango da ostiralean (abenduak 20), eta The Florida Project proiektatuko dute urtarrilaren 8an, Filmazpitekin lankidetzan.
Marcel Camus zuzendari frantsesaren lana da Orfeu Negro (1959). Euridice ederra Rio de Janeirora iritsi da, inauteri ospetsuaren bezperan, eta hiriko fabela batean bizi den lehengusina batek hartuko du etxean. Han, kale arteko eromenaren erdian, tranbia bat dago. Tranbiaren gidaria, Orfeo izeneko musikaria, da bigarren protagonista. Lurraldeko heroia da, bere abestien sedukzio botereaz, inguruko pertsonak erakartzeko gai delako.
Pasioa eta inauterietako trantze zoragarrian murgilduko da filma, eta, aldi berean, hondamendi bat erakutsiko du. Izan ere, Orfeok, bere musikarekin eta kantuarekin eguzkia altxarazteko gai izan arren, ez du bere maitasunik lortzen.
Sean Baker estatubatuarraren The Florida Project (2017) filmean, aldiz, sei urteko Moonee azkarraren eta haren askotariko lagunen istorioa kontatuko du. Haurren uda-oporrak abenturaz eta bihurrikeriez beteta daude; inguruko helduek, aldiz, garai zailak bizi dituzte. Estatu Batuetan, bizileku iraunkorra ziurtatu ezin dutenentzat azken babesleku bihurtu dira motel merkeak. Gero eta gehiago dira behartsu ikusezin horiek, eta horietatik % 41 aterpea emango dien bizitoki bat izateko egunero borrokan ari diren familiek osatzen dute.
Istorio hau Orlandoko aldirietan dago girotua; Orlando, planetako opor-hiriburu nagusia eta “munduko toki magikoenaren” etxea. Parke tematikoen eta turistaguneen lurraldea zeharkatzen duen errepidearen luzera osoan, bere garaian Disneyren mistika ustiatuz turistak erakartzen zituzten motel merkeek etxerik gabeko familiak hartzen dituzte gaur egun. Halako batean bizi dira Moonee eta haren ama Halley, 22 urtekoa: zehazki, Magic Castle motelean.
Abenduaren 20an eta urtarrilaren 8an, hurrenez hurren, egingo dituzte bi proiekzioak, arratsaldeko 19:00etatik aitzina, BilbaoArte Fundazioaren Art House Zinema aretoan. The Florida Project (2017) lanaren emanaldiaren kasuan, gainera, filma euskarazko azpitituluak izango ditu, Filmazpitekin sinatutako lankidetzari esker.