Euskal ekoizpenak

Aurtengo Mendifilmen aurkeztutako euskal ekoizpenen artean, zalantzarik gabe, Josu Veneroren Artiko azpimarratu beharra dago. Bertan, Xabi Payaren off-ahots eder iradokitzaile batez, Jesus Mari Lazkano margolari handiak Svalbard uhartedira (Norvegia) egindako ikerkuntza-bidaiaren irudi telurikoak ikusiko ditugu 17 minutuan zehar.

Orobat, aipagarria izan da Garazi Sanchezek eta Iker Elorrietak ondutako Vergüenza (Lotsa) film laburra. Getxoko surflariak, modu pertsonalean, Ama Lurrari ematen diogun tratu kezkagarria du hizpide.

Bestetik, Lexeia Larrañagak zuzendutako Natura Biziaren 20 minutuko lagintxo bat erakutsi zuten festibalean. Telesail formatua edukiko du eta Euskal Herrian dugun natur ondarea ezagutzeko —Europako biodibertsoena!— bidaia bat da. Alberto Iñurrategi izango da aurkezle, eta Euskal Herrian ondoen kontserbatu diren txokorik basenak ikusaraziko dizkigu: fauna basatia, labar tenteak, itsaso amaigabeak, magiaz beteriko oihanak, eta kareharrizko mendi itzelak. Hortaz, telebistari erne izango gara; izan ere, erakutsi zutena ikusgarria zen oso, eta inguru haiek ikusita, batek baino gehiagok esango luke ez daudela Euskal Herrian.

Palmaresa

Palmaresari dagokionez, Ben Mastersen The river and the wall azpimarratuko nuke. Bertan, 5 laguneko talde bat Mexikoren eta AEBen artean eraikitzen ari diren harresiari jarraika, hango ekosistemetan —baita gizakienean ere— izango lukeen inpaktuaz dihardute, mugakide diren lurraldeak bizikletaz, zaldiz nahiz kanoaz zeharkatzen dituzten bitartean. Ikusgarria da benetan eta must bat gai honi buruz iritzi bat izan nahi duen edonorentzat. Kultura- eta natura-filmik onenaren saria eroan zuen etxera.

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi Jabier Murciego eta Pablo Iraburu (Nomadak TX eta Pura vida, besteak beste) dokumentalisten Cholitas, non, igoera askatasun- eta ahalduntze-ikur gisa hartuta, Boliviako 5 emakume indigenek Amerikako mendirik garaieneko tontorrera igo nahi duten; bitartean emakumeen izaera bereziak agertuko dira eta tradizioa eta ama lurra zaintzeko beharra ere bai.