Alejandro Legaspi eta Fernando Espinozak zuzendutako Juliana filmaren Europako estreinaldiak emango dio amaiera Gasteizen egiten ari diren Peruko zinema sozialaren zikloari. Azaroaren 19an, osteguna, Montehermoso Kultur Etxeko Ortuño aretoan izango da emanaldia, 19:30ean, eta ostean, René Weber filmeko gidoilariarekin hitz egiteko tartea zabalduko dute.

Peruko zinemagintzan klasiko bilakatu den filma da Juliana, eta masterizazio prozesua igaro ostean areto komertzialetara itzuliko da. Hala, Europan inoiz estreinatu gabeko pelikula izanik, emanaldi berezia prestatu dute Gasteizen, Montehermoso Kultur Etxean.

80ko hamarkadan bere etxetik ihes egingo duen neska gazte baten istorioa kontatuko du Julianak. Jasaten ari den gehiegikeriatik aldentzea erabakiko du, eta Limako kaleetan biziraun beharko du bere benetako nortasuna ezkutatuz.

Giza Eskubideak eta Sorkuntza Artistikoa deialdiari eta Chaski taldearen lankidetzari esker antolatzen dute Peruko zinema sozialaren zikloa. Aurten, Garapen Bidean elkarteak aurkeztutako “Yungai 1970: la catástrofe inevitable” proiektua izan da irabazlea, eta pertsonen eta herrien eskubideei, memoriari zein hondamendi ekologikoei buruzko hausnarketa egiteko asmoz, Peruko Yungay hiria lurperatu zuen Ancasheko hondamendia izan dute abiapuntu. Peruko zinemagileen kolektiboak, eta Gasteizko Serso San Viator GGKEak ere lagundu dute zikloa prestatzen.