Herriz herri pantailaratzen ari dira dagoeneko Zizelkariak dokumentala. Topatu Euskal Herriko gazte proiektu komunikatiboak aurrera eramandako proiektua da, eta Crowdfunding bidez finantzatu dute.

Tuteran aurkeztu zuten dokumentala azaroaren 30ean, eta ordutik, aurkezpen biran dabiltza sortzaileak. Durangoko Azokan, Irudienean, proiektatu zuten, eta 2020ko urtarrilaren 12ra arte, eztabaidak eta hausnarketak pizteko asmoz, Hendaian, Donostian, Donapaulen, Mamariagan, Alduden, Eibarren, Otxarkoagan, Baionan, Iruñean, Irunberrin, Eskuernagan, Burandon-Gatzagan eta Gasteizen egongo da ikusgai.

Euskal Herriko periferiak erdigunera ekarriz, sei gazteri eman die ahotsa Topatuk Zizelkariak dokumentalean, ertzetako borroketatik Euskal Herri bizi baten gazte mugimendua irudikatzen duten sei esperientzia: Arkaitz, Ezkerraldeko Harian gazte talde prekarioko kidea; Edurne, Tuterako Erribera Intsumisa neska gazte talde feministako kidea; Maika, Aldudeko Ibarrean etxebizitzaren gaia lantzen duen AIBA taldeko kidea; Martta, Donapauleko euskalgintzan eta kulturgintzan ari den gaztea; Ibai, Irunberriko musikaria eta musika talde gazte ugaritako kidea; eta Jon, Arabar Errioxako gazte asanbladako kidea.

Sei gazte hauek euren herrietan bizi duten errealitatearen testigantza eskaintzen dute dokumentalean, lurralde bakoitzean aurrera eramaten dituzten borroken berri emanez. Era berean, euren herrietan eta, oro har Euskal Herrian, etorkizunean garatu beharreko borrokak dakartzate erdigunera, “elkarrekin Euskal Herri bat amestu eta irudikatzeko”.

Dokumentalaren ekoizpenak sortutako gastuei aurre egiteko, crowdfunding kanpaina abiatu zuten itsulapikoa.eus plataforman, eta 5.680 euro lortu dituzte.