Xixili taldearen Lo que no se ve lanak irabazi du Kine Rally film laburren lehiaketaren bosgarren edizioa. Bost urte bete dituen honetan, atzerapen apur batekin ospatu dute aurten: abenduaren 12tik 15era,  Zornotzan.

Kine Rally lehiaketaren bosgarren edizioko partaideen talde-argazkia. (Argazkia: Kine Rally)

Lehiaketa hasi zen egunean jakinarazi zitzaien gaia, eta ohi bezala, talde parte-hartzaileek 24 ordu izan dituzte 1-5 minutu arteko film labur bat pentsatu, grabatu eta editatzeko. Larunbat arratsaldean entregatu zituzten lanak, eta igande eguerdiz batu ziren 10 talde parte-hartzaileak Zornotza Aretoan sari-banaketa ekitaldirako. Bertan izan ziren, halaber, senitarteko eta lagunak, eta baita beste hainbeste zornotzar ere, hizkuntza, genero eta estilo anitzeko 10 film laburrez gozatzeko. “Ez da barrerik falta izan, eta ez negarren bat edo beste ere”, adierazi dute antolakuntzako kideek.

Ez zen egiteko samurrik izan: BIDAIA izan zuten gai gisa, eta OBJEKTU berezi bat gehitu behar izan zioten lanari, aurkezpen-ekitaldian eman zitzaiena. Horrez gain, oinarri nagusietako bat izan zen herriko 3 tokik agertu behar zutela filmeetan. Bada, Getxoko Jone Ibarretxe, Paula Brezo eta Mikel Abasolo izan dira 500 €-ko lehen sariaren irabazleak, Lo Que no se ve  film laburrarekin.

Nagusitu den filmak bi emakume bereziren arteko amodio-historia kontatzen du. Bietako batek bidaia bati ekingo dio, bere bizitza hobetzeko asmoz, nahiz eta erabakiak beste pertsona berezi horrengandik bereiziko duen. Filmaren umore-sena, gidoiaren kalitatea eta teknika baloratu ditu epaimahaiak.

Larrabetzuko Maritalavista taldea izan da 250 €-ko bigarren sariaren irabazlea. Aritz Albaizar, Maiorga Torvisco eta Igor Aurrekoetxeak osatutako hirukoteak, Etxera bueltan lanarekin lortu du errekonozimendua, bisitari berezi batzuen bidaia kontatuz. Amorebieta-Etxanon lur hartu nahi dute bisitari hauek, baina, zertara datoz? KINE Zineklubaren sare sozialetan izango dituzue ikusgai lehiaketara aurkeztutako film labur guztiak.

Zineklubaren eskertza

KINE Zineklubak, antolatzaile lanetan, bereziki eskertu ditu parte-hartzaileak, egindako esfortzuagatik eta erakutsitako talentuagatik. Gogoan izan dituzte ere Ametx Erakunde Autonomoa eta Bizkaiko Foru Aldundia, laguntzagatik; eta baita Zornotza Aretoko langileak ere. Bukatzeko, aipamen berezi bat egin diete herriko zineforumeko kideei: “Lehen aldiz aurkeztu dira aurten lehiaketara, ikus-entzunezkoen inguruko ezagutza berezirik izan gabe, eta lan txukuna aurkeztu dute hala ere”.