2018an kaleratu zuen 2deok lehen deialdi publikoa. Bertan 21 proiektu aukeratu ziren, eta urte osoan zehar egin zen lan haiekin. 2019an bigarren deialdia kaleratu zuten, 11 proiekturekin. Horiek guztien artean, jada bukaturik dauden proiektuen prototipoak aurkeztuko dituzte abenduaren 18an egingo duten jaialdi batean.

2018ko uztailean aurkeztu zuten 2DEO Euskarazko Ikus-entzunezko Laborategia. Milioi bateko laguntza eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak Tabakalerari proiektua martxan jartzeko, eta Iban Arantzabalek koordinatu du hasierako fasean. Lan-ildo zehatz batzuen inguruan gauzatu dute haien jarduna: sorkuntza gunea den aldetik, sormenera bideratu dira laborategiaren jarduera nagusiak, baina ezinbestekoa izan dute ere industriaren parte hartzea ideia berrien kabi eta erakusleiho izateko.

Sektoreko hainbat profesional biltzen dituen lan-talde bat osatu zuten, eta horiek arduratu dira laborategiaren jardunaren oinarri den behaketa lana egiteaz: “Zer ekarri erabakiko dutenak izango dira. Egungo joerak aztertu eta zabalkunderako esparru berriak bilatuko dituztenak”, adierazi zuen Arantzabalek aurkezpenean. Estrategia bat sortzea izan da hurrengo urratsa, bidelagunak lortu, elkarguneak sortu, sorkuntza bideratu eta hura testatzea. Azkenik, azeleragailua aipatu zuen, ahultasunak aztertu, indarguneak baliatu eta prototipoak sortzeko fasea. Bada, lau ardatzen inguruan egin dute lan: estetika molde berrien lanketa, istorio berrien garapena, teknologia berrien uztartzea eta zabalkundea.

Ikus-entzunezko sektorearen eragile nahiz norbanakoei zuzendutako bina deialdi aurkeztu dituzte unera arte. Proiektuen esperimentazio faseari babesa ematea izan da programaren helburu nagusia, eta kontzeptuen garapenetik hasita, lehen produktua ekoiztera arte lagundu dituzte lehen hautaketa horietako proiektuak. 6 hilabeteko denbora epea izan zuten ideiaren garapenerako, eta proiektuak garatzeko lekua, baliabideak eta diru-laguntza jaso dituzte.

Abenduaren 18ko jaialdian, egoiliar izandako profesionalen 14 proiektuen prototipoak aurkeztuko dituzte:

– DAPA: Sanagustin kulturgunea
– ZETAK: Pello Reparaz
– 70%: Gosho Sociedad Cooperativa pequeña
– BAHORI: Calmada shop
– 27ZAPATA: Imanol Epelde
– PRODUTO: Osa+Mujika
– ABEYNTURAK: Ainhize Perez
– TOK TOK TOK: Maushaus
– ZIKILIMARRO: Bira produkzioak
– ZUT: Gaztezulo
– IXA: Unai Portilla
– PIKUAK: Maddi Castro
– EGUNEAN BEHIN: Codesyntax
– KASU!: Hiru Damatxo

Proiekzio eta aurkezpenen ondoren musikaren txanda izango da, Ines Garciaren eskutik. Hala, jai-giroak ematen duen erosotasunean, elkar ezagutzeko aukera izango dute sortzaile zein hitzordura gerturatzen diren gainerako profesional eta norbanakoek.