Jordan Manley kanadarrak zuzendutako Treeline (2018) filmak lortu du Nazioarteko BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia mendi zinemaldiko sari nagusia. Arbolak dira ardatz Columbia Britainiarra, Japonia eta Nevadako basoen edertasuna islatzen dituen filmean.

‘Treeline’ (Jordan Manley, 2018) film irabazlearen irudia.

Mendia eta arriskuzko kirolak oinarri dituen pelikulak biltzen dituen zinemaldia da Mendi Film,  eta 12. edizioa izan du aurtengoa. Generoa ardatz hartuta, harekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituen film andana aurkezten da urtero jaialdiaren deialdira: alpinismoa, eskalada, abentura, mendi kirolak, ekologia, ingurumena… Bada, aurtengo edizioan erakutsi dituztenak, 2019ko urtarriletik aurrera ekoitzitako lanak izan dira.

2008an sortu zen, eta lehen lau edizioak Gasteizen egin ziren. 2012az geroztik Bilbon ospatu da. Azken zazpi edizioetan jaialdira hurbildu diren lagun kopurua hirukoiztu egin da azken bi edizioetan, etenik ez duen gorakadan. Hala, Mendi Film Festival Euskal Herriko mendizaletasunaren enbaxadore eta erreferentzia da nazioartean. Joera gorakorraz jabeturik, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, BBK Fundazioak eta Mendi Filmek lau urteko lankidetza akordioa sinatu zuten ekainean, egitasmoa aro berri batera begira sendotuz, eta, besteak beste,  BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia izendapena izan du lehenengoz.

Bada, azken urteetako aldirik landu eta indartsuena izan da BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren 12. edizioa, eta abenduaren 6tik 15era bitartean ospatu dute Bilboko hainbat txokotan. Antolatzaileek 29 herrialdetako 172 pelikula jaso, eta horien guztien artetik, 60 aukeratu dituzte jaialdian erakusteko. 14 herrialde desberdinetan izan dute jatorria (Euskal Herrria, Espainia AEB, Kanada, Alemania, Erresuma Batua, Austria, Frantzia, Australia, Grezia, Errumania, Eslovenia eta Polonia), eta Sail Ofizialean zein Zabalandi atalean lehiatu dira.

Ondorengo ebazpena eman zuen BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiko Sail Ofizialeko epaimahaiak, Rossana Stedille, Irene Larraza, Keith Partridge eta Gaizka Bourgeaud-ek osatua, palmaresa osatzerako orduan:

  • SARI NAGUSIA (Eguzkilorea + 6.000€): Treeline (Jordan Manley, 2018)
  • ZUZENDARI ONENA (Eguzkilorea + 3.000€): Dariusz Zaluski (Ostatnia góra, 2019)
  • GIDOIRIK ONENA (Eguzkilorea + 2.000€): Final Ascent: The legend of Hamish Macinnes (Robbie Fraser, 2019)
  • ARGAZKIRIK ONENA (Eguzkilorea + 2.000€): Cielo (Alison McAlpine, 2018)
  • EPAIMAHAIAREN SARUA (Eguzkilorea + 2.000€): Cholitas (Jaime Murciego eta Pablo Iraburu, 2019)
  • MENDIKO FILM ONENA (Eguzkilorea + 1.500€): Ostatnia góra (Dariusz Zaluski, 2019)
  • ESKALADA FILM ONENA (Eguzkilororea + 1.500€): Climbing Blind (Alastair Lee, 2019)
  • KULTURA ETA NATURA FILM ONENA (Eguzkilorea eta 1.500€): The River and the wall (Ben Masters, 2019)
  • KIROL ETA ABENTURA FILM ONENA (Eguzkilorea eta 1.500€): Home (Jen Randall, 2019)
  • FILM LABUR ONENA (Eguzkilorea eta 1.000€): Nebula (Jay Trusler, 2019)
  • EUSKARAZKO FILM ONENA (Eguzkilorea eta 1.000€): Artiko (Josu Venero eta Jesus Mari Lazkano, 2019)

WOP Saria 2019

Bestetik, Nives Meroi eta Romano Benet alpinistak izan dira 12. edizioko omendu nagusiak,  WOP Sariaren irabazleak, alegia. Hamalau zortzimilakoak oxigeno laguntzarik gabe eta altura zamaketaririk gabe osatu dituen bikotea da. Duela 25 urte egin zuten beren lehen zortzimilako espedizioa, eta 2017an itxi zuten hamalau gailurren zerrenda.