Zuzendaria: Angela Schanelec
Urtea: 2019
Herrialdea: Alemania

-Antzerkia heriotzaren aurkakoa-

Tabakalerak ostiral honetan emango dio amaiera Angela Schanelecen filmografiaren atzera begiakoari bere azken filmarekin, maitatua bezain gorrotatua izan den I WAS AT HOME, BUT (2019).  Berlinaleren azken edizioan zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza jaso eta Zinemaldian Zabaltegi-Tabakalera saria irabazi ondoren, zuzendari alemaniarraren film erradikal eta ausartena ikusteko aukera dugu orain.

Izenburuak –Etxean negoen, baina– gertaera bat aurreikusten badu ere, Schanelecek ez du istorioa trama ohi baten bidez kontatuko, lotura argia ez duten sekuentzien eta elipsien bidez baizik. Zineman ezarrita dauden zenbait kode alde batera utzi eta filmak eraikitzeko tresna berriak bilatzea baitu helburu.

I WAS AT HOME, BUT Bressonen zineman oinarritua dagoen film bat bezala hasiko da, naturan elkarrekin bizi diren animalien irudiekin: zelaian korrika dabilen untxia, hau jaten duen otsoa, eta, nola ez, Schanelecen zineman bereizgarria den astoa. Baina pixkanaka, gizakien eta hauen arteko harremanen inguruko hausnarketa eskaintzen duen film batean bilakatuko da. Phillip, hamahiru urteko mutikoa, etxera itzuliko da astebetez etxetik kanpo ibili ondoren. Ama arrazoirik gabeko desagerpen hau ulertzen tematuko da, eta gogorra egingo zaio semearen bizitza kontrolatu ezin izate. Phillipek, aldiz, aita hil zenetik bakardadea nahiago duela eta naturan bere buruarekin bakea egin duela ulertaraziko digu. Gainera, flashback baten bidez, iraganean amaren eta semearen arteko harremana erakutsiko digu zuzendariak: familia osoa ospitaleko logelan Bowiren Let’s Dance abestiarekin dantzan. Sekuentzia hunkigarria, erabat.

Narratiba kronologikotik urrun dagoen film honekin, Schanelecek protagonisten egoera ulertu dezagun eta beraien eskutik hil den aitaren dolua bizi dezagun proposatzen digu. Bere zineman ohikoa den bezala, egoerak eta pertsonaien arteko harremanak artifizialak dira oso, antzerki baten parte balira bezala. Hau aitortuz eta umore handiz, filmean nerabeek Hamlet antzezlanaren entseguetan parte hartuko dute eta aktore batek honako gogoeta egingu du: “Antzerkia heriotzaren kontrakoa dela deritzot”. Hala ere, esan beharra dut hauxe dela Schanelecen filmografian sentikortasun handiena erakusten duen filma. Argazkiak eta muntaiak badute ere Bressonen kutsua, plano zehatz asko dituelako eta planoen arteko trantsizioak bat-batekoak direlako: Sekuentzia batzuk amaigabeak dira eta dialogo luzeak dituzte. Bestalde, beste batzuk oso motzak dira eta isiltasuna da nagusi.  Film konplexu hau jarraitzea erraza ez bada ere, Schanelecek osatzen duen egoeran murgilduz gero, esperientzia espirituala eskainiko dio ikusleari.

Angela Schanelec hurbiletik jarraitu beharreko izena da. Viennale Zinemaldian eta Tabakaleran berrikusi berri dira bere film guztiak eta, Berlinalen saritua izan ondoren, zinemaldi eta erakunde askok beregan jarri dute fokua. Ez da harritzekoa, Schanelecek zinemaren oinarrien berrikusketa eta fikziozko egitura berritzaileak proposatzen baititu.