Urtarriletik aurrera, programa berri bat abiatuko dute Tabakalerako zinema-aretoan. Zinema ikasgela bat ere badela aldarrikatu, eta hilabetean behin zuzendariak gonbidatuko dituzte euren lan-prozesuei buruz hitz egin dezaten. Moriartiko hiru zuzendariak izango dira lehenak.

Zinemaren ekosistema berezia eraiki dute Tabakaleran Euskadiko Filmategiak, Donostia Zinemaldiak eta batzen azkena izan den Elias Querejeta Zine Eskolak elkarlanean. Indarrak batu, eta erakusleiho, bilgune eta eskola bilakatu den espazio aberatsa osatu dute. Ekarpen berezia egiten dio horrek zinemagintzari, lehenago aztertu gabeko ikuspegi berriak sortzen baititu.

Halako zerbait eskaini nahi du urte berrirako atondu duten zikloak: Hitzez jositako filmak, edo ahoz kontatutako irudi-segida bat bilakatzen den une hori. Bada, hiru izenburu garrantzitsuren inguruko saioarekin hasiko dute denboraldia: La trinchera infinita (Jon Garaño, Joxe Mari Goenaga eta Aitor Arregi, 2019); O que arde (Oliver Laxe, 2019) eta La hija de un ladrón (Belén Funes, 2019).

Kontua, bada, zinemaz aritzea izango da, zinema-aretoan. Erabakiak partekatu eta taldean oso gutxitan ikusi ohi diren materialak ikustea: casting saioak, kamera probak, gidoiaren bertsioak, muntaiaren bertsioak, ezabatutako eszenak, prozesuan sortutako dudak, eraginak, casting-arekin lotutako erabakiak…

Ondorengoa duzue egitaraua. Gogoan izan filmaren egileak izango direla protagonistak, mintzagai duten filmean oinarritutako beren esperientzia eta irakaspenak, eta ez dela proiekziorik egingo.

Urtarrilak 18, larunbata, 19:00etan: La trinchera infinita (2019).  

Otsailak 11, asteartea, 19:00etan: O que arde (2019)

Martxoak 21, larunbata, 19:00etan: La hija de un ladrón (2019)