Ikuspuntu jaialdiko zuzendaria izandako Oscar Alegriaren Zumiriki filmak inauguratuko du 2020ko ekitaldia. Martxoaren 2tik 7ra egingo dute, eta 14. aldiz ez-fikziozko filmen plaza izango da Iruñea. Jaialdiko irudia Dani Sanchis diseinatzaileak sortu du, eta Ute Aurand, Renate Sami eta Helga Fanderl alemaniar zinemagileei zein Jeannette Muñoz txiletarrari eskainiko dizkiete atzera begirakoak.
Ez-fikziozko zinemagintzako profesionalek eta zaleek galdu ezinezko hitzordua izango dute martxoaren 2tik 7ra, Iruñean. Programazioaren berri ez dute eman oraindik, baina Ikuspuntu jaialdiko arduradunek 2020ko ekitaldiko lehen xehetasunak argitu dituzte dagoeneko. Zazpi sail nagusi izango dituela aurreratu dute: Atal Ofiziala, Atzera begiradak, Dokbizia, Punto de Vista Labs, Foku Garaikideak, Ekitaldi Bereziak eta Hezkuntza Programa.
2013tik 2016ra bitartean jaialdiko zuzendaria izandako Oscar Alegriaren Zumiriki filmak inauguratu du ekitaldia. Veneziako Mostrako Orizzonti sailean estreinatu zuen Alegriak lana eta Las Nuevas Olas – No_Ficción saileko film onenaren saria irabazi du Sevillako Nazioarteko Zine Jaialdian. Nafar Pirinioetako basoetan bakartzea erabaki duen gizon baten istorioa kontatzen du filmak, Oskar Alegriak berak interpretatua. Naturan barrena, memoriaren bitartez, haurtzarora egindako bidaia poetikoa da, aitak utzitako ondarea berreskuratzea xede duena.
Bestalde, lau emakume zuzendariri buruzko atzera begirakoak ere prestatuko dituzte: Ute Aurand (Frankfurt, 1957), Renate Sami (Berlin, 1935) eta Helga Fanderl (Ingolstadt, 1947) alemaniarrak eta Jeannete Muñoz (Santiago, 1967) txiletarra. Zinegileon lan gehienak, nahiz eta nazioartean aitortza ugari jaso, Espainiako estatuan ikusi gabeak dira.
Jaialdiko irudia izango den diseinua ere plazaratu dute. Dani Sanchis artistak sortu du eta ideia ozeanikoa du ardatz, “programazioaren zati batean presente egongo dena”.
Aurten, gainera, X Films proiektuaren 10. edizioa dela-eta, ospakizun berezia egingo dute. Izan ere, Rojo aurkeztuko du Maddi Barber nafarrak. Urteurrena ospatu eta ekimen honetan partaide izan diren zinemagileen aitortza egiteko, Ikuspuntuk ziklo berezi bat antolatuko du X Films proiektuaren film irabazle guztiak proiektatuz Civivox Condestable aretoan.
Boluntarioak eta Epaimahai Gaztea
Ikuspuntu jaialdian boluntario eta Epaimahai Gazteko kide izateko izena emateko epea zabalik dago dagoeneko. Batean edo bestean izena eman nahi dutenek otsailaren 11 arteko epea izango dute jaialdiaren webgunean.
Boluntarioek jaialdiaren antolakuntzan laguntza eman beharko dute: aretoko laguntza, produkzio koordinatzailea, komunikazio sailaren laguntzailea, jaialdiaren bideo taldearen eta argazkilariaren laguntzailea, zinemagileen harrera eta akonpainamendua, ekitaldien antolakuntza, bidaien koordinatzailea edo akreditazioa eta txartel-leihatila.
Epaimahai Gazteko kide izateko aukera, bestetik, 18-25 urte bitarteko gazteek dute, eta Film Onenari Gazteen Saria emateaz arduratuko dira.
Informazio gehiagon Ikuspuntu jaialdiko webgunean.