Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela-eta, Errenterian jardunaldi bereziak antolatzen dabiltza azaroaz geroztik. Hala, Juanmi Gutierrez zuzendariaren eta giza eskubideen defendatzailearen lanak pantailaratu dituzte, eta gaur, haren omenezko ekintza artistikoa prestatu dute. 19:00etan Niessen gunean batzeko deia zabaldu dute Zazpi T’erdi kolektiboak, Herri Bizia udal komunikabideak, Errenteriako Udalak eta Zintzilik irratiak.
Ibilbide berezi bat prestatu dute Oreretako kaleetan zehar, eta hainbat gune igaroko dituzte 21:00ak bitartean. Niessen aretoan ekingo diote ibilaldiari, eta gerturatutakoek irratia edo transistorea eraman beharko dute, izan ere, Zintzilik irratiak emanaldi berezi bat egingo du zuzendariaren audioak eta bere dokumentaletan agertutako hainbat abesti jarriz. 19:30ean Musika plazara hurbilduko dira, 20:00etan udaletxekoa arkupeetara, 20:30ean Mikelazura, eta 21:00etan Niessen gunera itzuliko dira. Donostiatik Errenteriara oinez joan nahi dutenek 16:30ean Easoko Kioskoan dute hitzordua.
2019ko otsailean hil zen Gutierrez, zinemagintza dokumentalean aditua eta aritua izan dena. Errealitatearen alde gizatiarrena eta, tarteka, gordinena, azaldu dute beti errenteriarraren lanek. Donostiako Herri Irratian aritu ostean, euskalgintzara egin zuen salto. HABEn lanean hasi zenean errodatu zituen bere lehen ikus-entzunezkoa profesionalak, helduak alfabetatzen laguntzeko tresna didaktiko gisara erabili ziren materialak. Eusko Ikaskuntzako Zinema Sailaren arduradun izan zen, eta irakasle gisa aritututakoa da ere Donostiako zenbait zentro kulturaletan. Martxoan zinegilea omendu zuen Euskadiko Filmategiak, Donostia Zinemaldia, Donostia Kultura, Tabakalera, Kresala Zinekluba eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin elkarlanean.