Atzo itxi zituen ateak Durangoko 54. Azokak, eta urtero legez, euskal kulturari gorazarre egitera hurbildu dira herritarrak masiboki. Berrikuntzez betetako ekitaldia izan da aurtengoa, baina, dagoeneko ondo finkatuta dituen sustraiak ere ureztatu dituzte antolatzaileek. Disko eta liburu azoka soila izateari aspaldi utzi zion, eta beharrizan berrietara egokitzen asmatu du. Euskaraz abestu eta idazteaz gain, euskal herritarrok istorioak bestela ere kontatzen badakigula jakitun, 2010ean Irudienea gunea gehitu zuen Gerediaga elkarteak. Ikus-entzunezkoek merezi duten leku propioa izan dute ordutik, eta dagokion urtean ekoiztu diren lanen bilgune zein oraindik ere labean daudenen erakusleiho da.

‘Ihesaldia’ telesailaren aurkezpena, Durangoko Azokan
Euskal zinemagintzak bizi duen urrezko aroa aprobetxatuz, adin guztietako bizilagunentzat prestaturiko tailer, hitzaldi edota aurkezpenez gain, bukatzear dagoen 2019ak utzi digun lagintxoa eskaini digu aurten ere Irudieneak. Besteak beste, urteko euskal film labur esanguratsuenak pantailaratu dituzte: Josu Venero eta Jesus Mari Lazkanoren Artiko, Izibene Oñederraren Lursaguak, Ainhoa Gutiérrez del Pozoren Medvedek eta ZINEBIko Euskal Zinearen Sari Nagusia jaso duen Aitor Arregiren eta Jose Mari Goenagaren Mateoren ama lana. Nazioartean sari sorta eskuratzen dabilen Josu Martínezen Anti filma eta Ekain Martinez de Lizarduy irakasleak zein Arteman Komunikazioak lankidetzan egindako ordu erdi pasatxo irauten duen Erraiak dokumentala ere proiektatu dituzte.
Esan bezala baina, bukatu edota estreinatu gabe dauden zenbait lanen lehen irudiak ere erakutsi dituzte artistek. Batetik, drama eta komedia uztartzen dituen euskal road trip-a aurkeztu du Lara Izagirre zinemagile zornotzarrak, bere bigarren film luzea, Nora izenekoa. Bestetik, Oier Aranzabal, David Pallares eta Ritxi Lizartza zuzendariak Apaiz-kartzela dokumentalaren work in progress emanaldia egin zuten. 1968an ireki zuten Zamorako espetxean frankismoari aurre egin zioten 53 apaizen istorioa jasotzen du lanak, eta bertaratutakoek filmaren behin-behineko bertsioa ikusteko aukera izan duten.
Euskal zinemagintzak garai onak bizi ditu, baina industriak badu ahulgune bat, azken urteetan nabarmendu egin dena: euskarazko telesailak. Kontsumitzeko erak aldatzen eta eraberritzen doazen heinean, orain gutxira arte telebistan astero pantailaratzen ziren fikzio zatikatuek bide berriak aurkitu dituzte, streaming plataformak babestoki hartuz. Iraultza hori baliatuz, telebista kate pribatuek (ekoiztetxe eta enpresa handiei jarraituz) beraien zerbitzu propioak kaleratu dituzte, eta ekoizpenak nabarmen egin du gora. Denontzat eta doanekoa den zerbitzua izanik, ezin zaio Euskal Telebistari halakorik eskatu, negozio hutsetik haratagoko helburuak izan behar lituzkeelako. Baina panorama aldaketa ez da aitzakia ETBk Goenkale-ren garaiaz geroztik izan duen euskarazko sorkuntza eskasa azaltzeko.
Zergatietan edota justifikazioetan sartu gabe, etorkizunera begira jartzea da onena, izan ere, atzo ateak itxi zituen Durangoko Azokan denok zain geunden stand by egoera horren bukaera iragarri zen. Aipatutako film labur eta luzeez gain, Kartzela eta Ihesaldia lanen aurkezpen ofizialak egin zituzten Durangon. Uemak, Eusko Jaurlaritzak, Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuak, Euskararen Erakunde Publikoak eta EITBk sustatutako Arnasa gara kanpainaren parte den websaila da lehenengoa, Hiru Damatxo ekoiztetxeak sortutakoa. Pausoka etxeak egindako da bigarrena.
Arnasguneak eta udalerri euskaldunak euskararentzat zein garrantzitsuak diren nabarmentzea du xede Arnasa garak, eta Kartzela websailaren bidez helarazi nahi dituzte baliook. Gaurtik hasita, igandera bitartean EITBren webgunean zein www.kartzela.eus atarian egongo dira zazpi atalak ikusgai, eta bertan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean lo hartu ostean zenbait neska-mutilek hutsik dagoen BEC erakustazokatik irteteko modua aurkitu beharko dute. Printzipioz, online bidez ikusi ahalko da, ekainean estreinatutako Puntu Koma serie digitala bezala. Next Station ikus-entzunezko plataformaren euskarazko webserie lehiaketa irabazi zuten Maialen Sorzabalberek eta Amaia Rojok lan honekin, eta astebete beranduago ETB1en ere eman zuten. Ildo beretik doa Ihesaldia, nahiz eta gaia eta testuingurua ezberdinak diren. 1976. urtean Basauriko kartzelako preso talde baten ihes-saiakera kontatuko du Jabi Elortegik zuzendutako lanak. Bost atal ditu telesailak, eta Edu Barinaga ETBko zuzendariak aurreratu bezala, “jarraian” emango dituzte hilaren 15etik aurrera.
Bata zein bestea kontsumo ohitura berrietara egokitutako apustuak dira, izan ere, urte luzez iraun zuen Goenkalek ez bezala, atal gutxi izango dituzte, errenkadan ikusi ahalko direnak. Hala, datozen hilabeteetara begira, hasitako bide honi jarraipena emango dioten ekoizpen berriak iragarri ditu Barinagak: Altsasuko auziarekin lotutako bat, alardea abiapuntu izango duen thriller bat, eta Ondarroan girotutako eta narkotrafikoarekin zerikusia izango duen istorio bat. Garai berrietara telebista eta euskal fikzioak egin duen egokitze prozesu honek zein emaitza izango duen aztertu beharko dugu aurrerantzean. Momentuz, badirudi euskarazko telesailak ikusteko aukera emango digula berriz ETBk. Industria loratzen jarraitzeko beste pausu bat da, beraz, eman diezaiogun aukera bat.