Pasa den asteburuan (abenduak 1) Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatu dute hainbat herri eta hiriburuetan. Efemeridearen kari ospatutako ekimenen artean,  VIHsible Zinema Zikloa proposatu du Zinegoak elkarteak abenduaren 4an eta 5ean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Bilborock aretoan.

Giza Immunoeskasiaren Birusari ikusgarritasuna eman, eta gizartean oraindik daukan estigmari aurre egiteko antidoto gisa aurkeztu dute ekimena. Hirugarren edizioa izango du aurtengoa eta, bertan, bi film programatuko dituzte.

Abenduaren 4an, Lemebel (2019) dokumentala eskainiko da, azken Berlinalen Teddy Saria, eta Zinegoak jaialdian gidoi onenaren saria jaso zituen fikzio hunkigarri eta samurra. johana Reposi txiletarrak zuzendutako dokumental honetan, Pedro Lemebel artistaren bizitza kontatzen da. Lemebel Hegoamerikako LGTBI erreferente handienetako bat izan zen, bertako kontrakulturaren ikono bat. Besteak beste, 1987.urtean Francisco Casasekin Las yeguas del apocalipsis taldea sortu zuen Pinocheten diktadurapean, eta Txileko hainbat hiritan ekimen artistiko-politikoak egin zituzten. Lemebel, beraz, diktaduraren kontrako eta eskubide sozialen aldeko iraultzailea izan zen. Horrek eragin zuzena izan zuen bere sorkuntzetan: ezkerreko iritzien eta desiraren arteko lanak izan ziren; diktaduraren kontrako salaketa eginez eta Giza Immunoeskasiaren Birusaren (GIB) krisiari aurre eginez.

Abenduaren 5ean, aldiz, Yan Ten zuzendari estatubatuarraren lehenengo lana eta  Zinegoak jaialdiaren azken edizioan gidoi onenaren saria jaso zuen fikzio hunkigarri eta samurra eskainiko dute: 1985 (2018). Amerikako Estatu Batuetako barnealdean girotuta dago filma eta zonalde horretan GIB birusak bere garaian sortutako arrakalak azalduko ditu. . “Etorkizunean klasiko bat izango den filma dugu. Oso hunkigarria, oilo-ipurdia jartzeko modukoa, eta zuri-beltz estilo bikainarekin”, azaldu dute antolatzaileek.

Adrian da protagonista eta bere bizitzako urrats garrantzitsuak jarraitzen ditu ikus-entzunezkoak: Protagonistak ez du oraindik armairutik irteteko hautua egin, eta sorterrira, Texasera, itzuliko da Gabonak igarotzera. HIESAren krisiaren lehen olatua puri-purian dagoen garaia da, eta New York jipoitzen ari den tragedia tamalgarriaren zama darama bizkarrean. Etxean, harreman estuak berreskuratuko ditu anaiarekin eta aspaldian ikusten ez zuen txikitako lagun batekin. Baina, bitartean, gorriak ikusiko ditu igarotzen ari den prozesua guraso katoliko sutsuei kontatu nahian.