Zuzendaria: Belén Funes
Urtea: 2019
Herrialdea: Espainia

-Ezin familiari uko egin- 

Goya sarietarako film hautagaiak iragarri berri dituzte aste honetan. Tartean izan da LA HIJA DE UN LADRÓN (2019) filma, bi izendapen lortuz: zuzendari berri onenenari eta emakumezko aktore onenari. Ez da harritzekoa, Belén Funesek helarazten digun drama sozial honek arrakasta handia lortu baitu zinemaldi guztietan. Aurtengo Donostiako Zinemaldian film onenaren zilarrezko maskorra saria irabazi zuen, besteak beste, eta egun Dardenne anaien zinemaren iruditegiko altxor hau ikusteko aukera dugu zinema guztietan.

SARA A LA FUGA (2015) laburmetraiari eman dio jarraipena Belén Funesek bere opera priman honetan. Baina gizarte zerbitzuen etxe batean bizi zen nerabeak 22 urte egin berri ditu LA HIJA DE UN LADRÓN (2019) filmean. Egun, Sara (protagonista) borrokan dabil lana aurkitu eta familia aurrera atera ahal izateko. Batetik, anai txikiari babesa eman eta hau espetxetik atera berri den aitarengandik aldentzen saiatuko da eta, bestetik, jaio berri den haurra zaindu eta honen aitarekin familia berri bat osatzen ahaleginduko da. Bizitza arrunt bat, edozein neska arruntek daramana bezalakoa, besterik ez du nahi Sarak.

Tamalez, hau ez da hain erraza behe-auzo bateko familia desegituratu batean jaio, eta lapur baten alaba bazara. Azken finean, Sarak aitortzen duen bezala, ezin da inoiz norberaren familiatik ihes egin: “Zergatik ez duzu behingoz aita alde batera uzten?” “Ezin dudalako, aurpegian daramat bere alaba naizela”. Eta ezin honi uko egin, Sara (Greta Fernández) eta Manuel (Eduard Fernández) aita-alaba baitira, eta baita fikzioan bai bizitza errealean ere.

Greta Fernándezen hitzetan “honek asko erraztu du lana” beraien arteko harreman estua uneoro antzeman daitekeelako eta erraz imajinatu zitekeelako aitak alde batera utziko balu sentituko lukeen gorroto eta dezepzioa. Gainera, Eduard Fernández (Mientras dure la guerra, Perfectos desconocidos, La ciudad edo Todas las mujeres) akore ezinhobea bada, Gretak guztiz heredatu duen trebetasunak ustekabean harrapatu gaitu. Kamerak Sara atzetik jarraituko du pertsonaia konplexu honen nortasuna erakutsiz, indartsua eta ahula aldi berean.Normaltasun handiz bizi duen egoera prekarioari edo aitari ausardi handiz aurre egingo badio ere, txiki sentituko da bera gabe. Azken finean familia famili da, momentu on eta txarretan.

Bartzelonako behe-auzo bateko istorio honen bidez, familiari eta bakardadeari buruzko gogoeta dakarkigu Belén Funesek. Film borobil bat sortu du non fikzioak errealitatea islatuko duen, eraikitakoaren marka guztiak ezabatuz. Eta hunkigarria deritzot eskaini digun egoera prekario honetan diharduten pertsonaia guztien erretratu fidela, gupida alde batera utziz, ikusleak bere ondoroiak atera ditzan.Horregatik, adi egongo gara Goya sarien ekitaldira urtarrilak 25ean, dudarik gabe, sarien merezidun baita LA HIJA DE UN LADRÓN.