Euskal zinemaren ordezkariak Buenos Aireseko (Argentina) Ventana Sur merkatuan parte hartzen ari dira, abenduaren 2tik 6ra bitartean. Basque Audiovisual plataforma lehen aldiz gerturatu da Argentinako topaketara, lau euskal enpresarekin batera.
Ventana Sur festibala Zinemaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutu Nazionalak (INCAA) eta Cannes zinema-jaialdiko Marché du Filmek antolatzen dute, eta 39 herrialdetako 3400 partaide elkartzen ditu urtero hitzorduak. Latinoamerikako ikusentzunezko edukien merkatu handiena da hori, nazioarteko banatzaile eta erosleentzako derrigorrezko hitzordua.
Bada, urteroko zita galtzen ez duten horien artean aurkitzen dira bost kontinenteetatik etorritako 500dik gora erosle eta saltzaile, nazioarteko plataforma garrantzitsuenetako ordezkariak. Basque Audiovisual atal desberdinetan parte hartzen duten lau euskal proiekturekin bertaratu da lehen aldiz 2019an.
Batetik, Blood Window Lab sailaren barne egongo dira Amania Films ekoiztetxearen bi pelikula: Imanol Ortiz Lopezek zuzendutako eta David P. Sañudok ekoiztutako Disforioa, eta Daniel M. Caneirok zuzendutako eta Kevin Iglesias Rodriguezek David P. Sañudorekin batera ekoiztutako Deviant, alegia. Horiez gain, Europa eta Latinoamerikako koprodukzioak bultzatzeko asmoarekin, Ventana Sur festibalak eta Donostia Zinemaldiak elkarlanean antolatutako ‘Proyecta’ foroan aurkeztuko da Karmele. La hora de despertarnos juntos filma, Txintxua Films-eko Asier Altunak zuzendu eta Marian Fernandezek ekoiztutako lana.
Era berean, Oskar Tejedorrek zuzendutako eta Sonora Estudios-ek ekoiztutako Asunto inconcluso filmak Espainia-Txile-Argentina koprodukzio topaketan hartuko du parte, espainiako eta Argentinako INCAA institutuek eta Cinemachile agentziak antolatutako ekimenean.